SANTURTZI

Agiriak

rss Ezagutzera eman

Agiria

2013/03/27


2013ko Aberri Eguneko Manifestua

2013KO ABERRI EGUNEKO AGIRIA

 

Melbournetik Suaren Lurraldera. Durbanetik Shangaira. Lur planeta honetako Iparraldetik hegoaldera, mendebaldetik ekialdera, munduan bizi den euskal jendeak igandean ospatuko du Aberri eguna, Euskal Aberriaren Egun Handia. Abertzale izan ala ez, egun hori da hainbatentzat, Euskadi gogoan izateko eguna, mendeetan zehar bere nortasun ezaugarriak bizirik mantendu izan dituen herri txikia, inguruan agertu zaizkion eragozpen, oztopo eta arazo guztiak gaindituz.


 

Aberri Eguna da euskal nazioaren eguna. Gaur eta hemen, Euskal Herriaren aitortza aldarrikatzen dugu, Araba, Bizkaia, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa,Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa herrialdeek osatzen duten nazioa delakoan. Era berean aldarrikatzen dugu, mundu zabaleko gainerako herri eta nazioen gisara, gure etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko dagokigun eskubidea.   

 

Nazio garen aldetik dagozkigun eskubideak ukatzetik dator euskal gatazka politikoaren sorburua; eta, gure talde nortasuna, osoko eskubidea duen subjektu politikoa eta bere erabakimen askea aitortua izateko abiapuntua.

 

Euskal Aberriaren Eguna ez da inoren kontra egiteko ospakizuna, ez eta  nazio nortasunen arteko aurkaketarako handikeria ere.Nazio bat aldarrikatzea da, Euskal Nazioa, hiritarren gehiengo batez, bere esparru juridiko-politikoa askatasunez aurkitu nahi duena.

 

Gure talde nortasuna garatzeko askatasuna, gure seme-alaben etorkizunari ekiteko orduan nahi dugun egitasmo politikoa erabakitzeko askatasuna; erkidego ireki, anitz eta solidarioa osatzeko askatasuna, inolako bazterketarik gabe, bertan parte hartu nahi duten guztiak barnean hartzeko.

 

EAJ-PNVk nahi duen talde nortasun egitasmoa demokrazian oinarritutako egitasmoa da, solidariotasun sozialean errotutakoa, europar gizatiartasunetik abiatuta; euskara eta euskal kultura berreskuratzeko ekimenean, beste kultura batzuekin etengabeko elkarrizketan eta ekonomia aurreratuan sustraitua, eszenatoki globalean lehiatu ahal izateko.

 

Eta gaur, euskal nortasun kolektiboa, giza garapenerako faktore gisa aldarrikatu nahi dugu; solidariotasunean garatutako etorkizunaren garapena, pertsonak babesik gabe uzten dituen norberekeriaren aurrean; denon ongiaren aldeko apustua egiten duen,  eta hazkunde kultural, sozial eta politikoa defendatzen duen baloredun gizartearen garapena. Mundura zabaltzen den erkidegoaren garapena, bere eraginaren bidez hazten den gizarte taldearena.   

 

Nortasun kolektiboko gure egitasmo hau, euskal aberria helburu dugun egitasmo hau,  demokrazia mesprezatzen dutenen egitasmoaren aurka dago; inposaketan sinesten duten horienaren aurka; gizartean etsipena zabalduaz, eredu totalitarioa bultzatu nahi dutenen egitasmoaren kontra; denon erakundeak egitasmo alderdikoietarako erabiltzen dituztenen helburuen aurka. 

 

Euskal Aberri horren defentsan, euskal jendeak beren odol eta haragitan bizi izan du hainbat bortxakeria eta sufrimendu. Eta, Euskal Aberri horren izenean ere, hiritargoaren zati  bat jarri izan da terrorismo eta jazarpen doilorraren menpe.

Gaur, zorionez, bakezko aldi berriaren abiapuntuan gaude. Oinarri sendo eta irmoak finkatu beharko ditugu bakea eraikitzeko eta elkarbizitza berria bilbatzeko. Gu guztion egitekoa da hori, emakume eta gizonena,  gazte eta nagusiena, herri ordezkari eta gizarte eragileena. EAJ-PNVk adierazten du hau, eta gauza guztien gainetik esan nahi du ideiarik edo egitasmo politikorik ez dagoela, defentsarik edo bidegabekeriak salatzerik ez dagoela, Estatu arrazoirik ez dagoela, giza duintasunaren gainetik dagoenik. Oinarri etiko hau da Eusko Legebiltzarraren ondare. Kontzeptu horretan sakondu nahi dugu geroan, herri osoak bere egin dezan giza eskubide guztien defentsa; eta ezer baino lehen, bizitzeko eskubidea. 

 

Pertsonak dira herria osatzen dutenak, eta  oinarrizko eskubideak dira pertsona horiek elkartzeko dauden erakunde, organismo edo elkarteak eraikitzeko zimenduak. Horregatik gaur, inoiz baino gehiago, orain aldian eta geroan, bortxakeriarik gabeko elkarbizitza garatzeko aurkezten zaizkigun aukeren aurrean, Euzko Alderdi Jeltzaleak hitza ematen du Euskadirentzako bake iraunkorra lantzeko eta lortzeko lana egingo duela. Euskal Aberri askea izateko aukerak elikatuko dituen bakea, hiritargoak adierazitakoa baino beste mugarik izango ez duena. 

 

Aberri berria, elkarrekin aurrera egiteko. Gure mendekotasunak gero eta txikiagoak izan daitezen, gu geu, geure kabuz gure etorkizunaren jaun eta jabe izan gaitezen.

 

Eta horretarako, bi helburu zehatz markatu ditugu gure esparru politiko-instituzionalerako. Alde batetik, Bake eta Elkarbizitzaren inguruko oinarrizko adostasun bat ezartzea, Euskadin elkartasun aldi berria  zabaltzeko. Eta, bigarrenez, estrategia progresibo eta integrala abian jartzea, gure herriak erabakitzeko duen eskubidea instituzionalizatzeko. Egiteko hau ez da soilik alderdi politikoena edo euskal erakundeena; euskal gizartearen egitasmo kolektibo izan behar du. 

 

Ataza bikain hau garatu beharra dago etengabeko eraldaketa politiko, sozial eta ekonomikoen testuinguruan; kontzeptu global batean, non talde nortasunek mutazio sakonak bizi dituzten. Euskal aberriaren geroa markatuko dute gure denbora honen ezaugarri diren aniztasun eta konplexutasunak. Baina, guri dagokigu, etorkizunerako nahi dugun talde egitasmoa erabakitzea.  

 

Horra hor guk proposatzen dugun Aberri Berria. Bake, elkarbizitza eta askatasun sendoagoak. Hobeto bizitzeko.

 

Zalantzarik gabe, egitasmo hori Europari lotuta dago ezinbestean, trantsizioan dagoen egitasmoa, une honetan bizi dugun eta geroan biziko duguna. Euskadi Europa da, Flandria, Eskozia eta Catalunya diren neurri berean. Edo, Alemania den neurri berean. Herri honek bizi zuen berregituratze prozesua ez zuen inork zalantzan jarri. AEDko lurraldeak bereganatzeko prozesurako ez zen inolako integraziorik eskatu, Batasunera sartu zenean bestelako Estatua zen arren.

 

Europa da gure abiapuntua eta gure helmuga.

 

Gaur, inoiz baino gehiago da Europar Batasunaren eraikuntza demokratikoa aldarrikatzeko eguna. Euskadik dagokion aitortza eta lekua  nahi ditu europar egitura politiko eta sozialaren barruan. Aitortza hau, ezer baino lehenago, gaur egun gure nazioari eskubide nazionalak ukatzen dizkioten Estatuetan eman beharra dago. Europa indartsu eta batua nahi dugu guk, eta nazio guztiek legezkotasun politiko bera izan dezatela batasun hori eraikitzeko bidean. Nazio burujabeen etorkizunak baldintza izango ditu mundu mailan ematen diren eraldaketa  sozial, politiko eta ekonomiko anitzak, eta Europar Batasun hori eraiki nahi dugun guztion borondatea. Baina guk gure nazio subiranotasun honen etorkizuna ,gainerako nazio burujabeen etorkizunera lotu nahi dugu; eta,inola ere, inorenak baino baldintza eskasagoekin. Europaren etorkizunaren oinarrian egon beharko dute norbanakoaren eta talde eskubideak, eta printzipio demokratikoak. Horra hor Europar Batasunak duen erronka.        

 

Europak izan behar du topagune demokratikoa, oparoa, sozialki aurreratua, non kulturen aniztasuna errespetuan oinarrituko den,non globala eta tokian tokikoa elkarren osagarri izango diren, hiritarren arazoei hobeto erantzuteko.

 

Euzko Alderdi Jeltzaleak aurkezten duen aberri eredua da, independentziatik interdependentziara, mendebaldeko oparotasun ekonomikotik babes sozialera, nazioarteko lidergotik bakera, giza eskubideetara eta elkarbizitza solidariora.

 

Gure Herrian batzuek eredu "alternatiboei" begiratzen diela ematen duen bitartean, Karibe aldeko ametsekin liluratuta  dauden une honetan, Euzko Alderdi Jeltzaleak tinko mantentzen  du Europan duen uste sendoa, une hauetan Europako gobernu politiko eta ekonomikoak ageriko gabeziak dituen arren, eta Batasunaren kohesioan desdoikuntza batzuk ematen diren arren. Hau ez da azken orduko sinesmena ezta egoera zehatz batek eragindako jarrera ere. Europazale goiztiarrak izan ginen, kontinente zahar hau osatzen dugun herriok batasuna behar dugulako, gure gizarteen etorkizuna indartu ahal izateko.  Batasun politikoa, ekintza ekonomiko edo moneta batasun hutsetik harago joango dena. Batasun politikoa, segurtasun kontzeptua edo kanpo ekintzaren kontzeptua gaindituko dituena.

 

Gaur egun ezagutzen dugun Europak hainbat akats ditu . Dena dela, sarri askotan, zeru lainotu batek eguzkiaren argitasuna ezkutatzen du, eta adarrek batzuetan ez dute paisaiaren edertasuna ikusten uzten. Azken urteotan bizi dugun egoera konplexuan ere, Europak, mundu osoko biztanleriaren % 7arekin, planetako Barne Produktu Gordinaren % 21aren erantzulea da, eta batasunetik kanpoko merkatuan du nazioarteko merkatuaren %19,5. Europa da mundu osoko erregiorik irekiena eta, neurri berean  solidarioena : solidariotasun, lankidetza eta garapen politikei egiten dien ekarpena da lur planeta osoko kopuruaren %51. Europa da beraz, kemena, oparotasuna, lehiakortasuna, baina baita giza garapen jasangarria eta babes soziala ere.

 

Euzko Alderdi Jeltzaleak gogoan duen europar egitasmoa prozesu geldoegian doa, baina bidean darrai,urratsez urrats. Hasiera bateko Merkatu Batuaren ostean oraingo Europar Batasuna etorri zen. Gaur egun bere bideragarritasuna zalantzan jartzen hasia da, finantza krisi luzeegiaren  eraginez. Krisiak ondorio modura  ekarri du gobernuaren krisia, lehenago edo beranduago konpondu beharko dena.

 

Asko gara krisi honi amaiera jartzeko orduan "Europa sendoagoan" pentsatu beharra dagoela uste dugunok. Europa berria botere indartuekin eta egiazko Gobernuarekin.  "Krisia gauza handiak egiteko aukera" dela diote, mundua aldatzeko abagunea. Ez ote da izango orain "europar hiritarrak" berriro elkartzeko unea, 1787 urtean Amerikako 13 Estatu beren konstituzioa egiteko elkartu ziren modu berean?. Orduan  ere, estatuen arteko eztabaida hartan, boterea eta dirua zegoen tartean. Baina, borroka handiaren ondoren, "Gu, herria" goiburuaren babesean eratzea lortu zuten.Oraindik ere, bizirik mantentzen den Estatu federal indartsu eta demokratikoa osatzen dute.

Estatubatuarrek Askatasun Adierazpena  izan zuten helburu eta goiburu. Ez ote da hori berori, europarron Bakea, Askatasuna eta Oparotasuna? Izango ote da egun batean "Gu, herria", edo "Gu, europarrak"  hitzak Europar Estatu Federalean gauzatzeko unea?.

 

Euskadi ere izango da egitasmo horren parte. Euskal hiritargoak askatasun osoz izango du bere borondatea adierazteko aukera. Nazio berriztatua, beste herri batzuekin bere bizipenak partekatzeko aukera izango duen nazioa, ingurukoak errespetatzeko eta errespetatuak izateko  borondatea adieraziko duen herria.

 

Horixe da, hain zuzen, Euskal Herriak bere izaera bereziaz jabetu zenetik ibili izan duen bidea, "Euzkadi euzkotarron aberria dela"  ohartu ginen momentutik beretik ibili dugun bidea. Gure toki propioa bilatzeko esfortzua egin dugu, Nazio den gizarteak bere garapen osoa egin dezan inguruan dituen nazio eta herrien ondoan, harmonian eta elkarbizitzan. 

 

Inork ezin du bazterrean utzi, orain zailtasun,krisi eta beharrizanez beteriko denborak bizi ditugula. Milaka familia dira gelditze ekonomiko honen ondorioak bizi dituztenak, atzeraldi gogorrena da gaurkoa, azken hamarkada hauetan ezagutu ditugunen artean.

 

Gizarte larrialdia bizi dugu, baliabide publikoak eskasak dira, langabeziaren ondorioei eta gure artean bizi diren milaka pertsonek sufritzen duten babesgabetasunari aurre egiteko.

 

Horixe da, eta ez beste, Euzko Alderdi Jeltzaleak eta bere ordezkari publikoek une honetan izan behar duten helburu nagusia. Gure indarrak eta esfortzuak biderkatu behar ditugu lehenengo eta behin sufrimenduari erantzuna emateko, eta  gure ongizate estatuan atzerakada sakona eragiteko mehatxua dakarren hondamendi honetatik albait arinen irteteko.

 

Jakin badakigu konponbide magikorik ez dagoela, baina dena eman beharko dugu  gure giharrak sendotzearren. Gure artean kontsumoa eta produkzioa suspertu eta enpresa eta produktuak nazioarteko merkatuetan zabaldu. Gure bizi maila egokitu, eta erreserbak erabili jarduera eta lehiakortasuna merkatu globalean bizkortzeko.

 

Hori dena, arduraz egin behar dugu. Interes alderdikoien gainetik begiratuz, beti taldearen onura bilatuz. Akordio politiko eta sozialak gauzatuz. Egonkortasuna bermatuko duten akordioak, akordio horiek gauzatzeko bidean,batzuek eta besteek neurriren batean amore eman beharko dugun arren.

 

Euzko Alderdi Jeltzaleak argi eta garbi daki zein den bere lidergoa eta erakunde eta instituzioetan duen ordezkaritza. Eta ondo jabetuta gaudelako, ez dugu zalantzarik izango krisiaren aurrean akordioak,aliantzak eta babesak bilatzeko eta adosteko orduan. Indar politiko,ekonomiko eta sozialek partekatzen dugun gutxienekoa bilatuko dugu,gaurko egoera latzari eta ahuleziari aurre eginez, krisi ekonomikotik irtetea lor dezagun.

 

Xede horrekin, eragile politiko eta sozialei dei egiten diegu, norabide berean, arduratsu joka dezaten. Premia handiko garaiak dira hauek. Inork ez luke ulertuko, familiek,enpresek eta pertsonek eusteko borondatearen alde jarri diren honetan, guk gure arteko ezberdintasunetan tematzea, bakoitzak bere ahalegina eta laguntasuna eskaini beharrean.   

 

"2013ko Aberri Eguna" dugu beraz, premiazkoari ekiteko eguna. Baina, ez ditugu aldi berrien ondorio modura etorriko zaizkigun erronkak ahaztuko, ez ditugu baztertuko gure Aberri Berri hau eraikitzeko  orduan egin beharreko lanak.

 

Konfiantza osoa dugu guk euskal emakume eta gizon guztiengan. Unerik latzenetan ere, herri indartsua tinko eta zutik mantentzeko gaitasuna erakutsi duen Herri honetan; mendebaldeko munduak sufritzen dituen arazo larriak bizi dituen neurri berean, ekaitza gainditzen jakingo duen Herria. Bere ahalmen eta indarrak berreskuratu izan ditu, iraganean ere, are gatazka eta arazo larriagoak bizi izan dituenean. Milurteko historian, bizirik irauteko gaitasuna garatu duen Herria gara. Egoera aldakorretara egokitzeko ahalmena izan dugu beti. Zoritxarrez, asko eta asko dira desagertu diren herriak. Historia liburuetarako geratu dira. Baina gu, bizirik gaude oraindik, une honetan bertan ari gara gure historia idazten.

 

Elkarbizitza, bakea, askatasuna, Europa, suspertze ekonomikoa, gizartearen kohesioa, akordioak..... horra hor Euzko Alderdi Jeltzaleak 2013ko Aberri Egun honetan aurkeztu nahi dituen oinarrizko kontzeptuak. Horiek guztiek osatzen dute Euzkadirekin dugun konpromiso sendoa. Hemen bizi diren pertsona guztiekin dugun konpromisoa .

 

Gora Euskadi Askatuta!.

 

Bilbon, 2013ko martxoaren 31n

Gure Egileak