SANTURTZI

Prentsa Aretoa

2016/03/27

“Egun berezia, Aberri Eguna, eta pertsona berezia, Iñigo Urkullu”

Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Urkullu lehendakarirako hautagai gisa aurkeztu du Bilboko Plaza Barria gainezka jarri duten 5000 alderdikide eta lagunen aurrean

rss Ezagutzera eman
“Egun berezia, Aberri Eguna, eta pertsona berezia, Iñigo Urkullu”

ARGAZKIA JAITSI

Lehendakariak esan du berak ez duela ontzat eman nahi gure semeak eta alabak gurasoak baino okerrago biziko direlako baieztapena: “Lan egin behar dugu hobeto bizi ahal izan daitezen, gizarte irekiago eta globalagoan, konprometituagoan eta iraunkorragoan, Euskadi berritzaileagoan”

“EBBk, aho batez, Iñigo Urkullu Renteria Lehendakarirako hautagai gisa proposatzea adostu du. Eta Iñigok proposamen hori onartu du. Egun handia gaurkoa, erabaki handia. Egun berezia, pertsona berezia. Oraingo Lehendakaria da eta, seguru nago, Euskadiko hurrengo lehendakaria izango dela. Eskerrik asko, Lehendakari, onartzeagatik. Eskerrik asko, lau urteetan zehar egindako lanagatik, Euskadiren alde emandako ordu eta orduengatik”. Hunkituta eta ilusioz beteta, Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek Aberri Eguneko diskurtsoa hasteko orduan iragarri du EBBk gaur goizean bertan Iñigo Urkullu proposatu duela 2016ko Euskal Hauteskundeetarako Lehendakarirako hautagai gisa. Iñigo Urkulluk proposamena onartu ondoren, alderdikide jeltzaleen onespena jaso beharko du. “Ez dira bat ere errazak izan Lehendakariari eta bere Jaurlaritzari tokatu izan zaizkien urteak: krisi ekonomikoa eta diru publikorik eza, aurreko gobernuaren oinordetza astuna, gatazka politikoak Estatuan eta Europan, krisia politikan, alderdi politiko berriak eta gizartearen haserrea…”, aitortu du Ortuzarrek. “Baina, hora hor zure Jaurlaritzaren emaitzak, Lehendakari: behera egin duen langabezia-tasa, oraindik guk nahiko genukeen baino altuagoa den arren; arazoak arazo eta oraindik jasotzen ari garen albiste txarren gainetik ere, gorako bidea hartu duen ekonomia; inguruan, hemendik ehunka kilometrora eurentzat nahiko luketen egonkortasuna erakundeetan, gainerako indar politikoekin etengabe hitz egiteko eta negoziatzeko erakutsi den jarrerari esker lortua; gure erakundeen egituraketa osoa, azken aldian Udal Legeari buruzko akordioaren bidez lortu dena, hogeita hamabost urte behar izan dituen Legea, zure agintaldian lortutakoa”, azpimarratu nahi izan du EBBren presidenteak.

Ortuzarrek espainiar politikaren gainean dauden “hodei beltzak” ekarri ditu gogora. “Gobernua osatzeko hiru hilabete izan dituzte eta ez dute ezer egin. WhatsApp asko eta negoziaketa gutxi, prentsaurreko asko baina elkarrizketa gutxi”, kritikatu du, Abenduaren 20koaren ondoren EAJ-PNVren jarduketa politikoaren ezaugarria izan den seriotasuna aldarrikatu baino lehen. Hori bai, jeltzaleen buruak gauza bat argi baino argiago utzi nahi izan du. “Gure lehentasuna hemen dago, eraikitzeko bidean dagoen eta aurrera egiten duen Euskadin. Aurrera egiten du Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean. ‘Zazpiak bat’ goiburua errealitate ukigarria bihurtzen hasia da. Egia da erritmo ezberdinak ditugula, abiadura ezberdinekin Herri honen eskualde ezberdinetan. Eta horixe izan daiteke, agian, garai modernoan ere aurrera egiteko sekretua. Derrigorrez integratu beharra zegoela uste zutenen aurrean, euskararen lurraldea egon badagoela ikusten ez dutenen eta etengabe bizkarra emanda bizi nahi zutenen aurrean, gizarte bat dago gehiengo zabal batez bere etorkizuna bizi nahi duena, senide dituen lurraldeekin askatasunez bizi nahi duena. Eta urratsak ematen ari gara. Borondateak batzen ari gara. Hori da Naziogintza. Gaur iaz baino hurbilago gaude ‘Zazpiak bat’ horretatik, eta benetan espero dut datorren urtean beste horrenbeste esan ahal izatea”. Puntu horretan, Ortuzarrek 120 urtetik hona Euskadiren nazio eraikuntzaren alde lan egin duten, lan egin duten eta lan egiten segituko duten milaka jeltzaleen lana aldarrikatu nahi izan du.

Bide honen hurrengo geltokia hurrengo Euskal Hauteskundeetan izango da “eta, alde batetik, Euskadi desitxuratu eta Espainia kaotiko horren multzoan sartu nahiko dutenen eta, bestetik, Euskadik Munduan bere toki propioa izan beharko duela, Nazio aitortua eta aurrerapen, ongizate eta solidariotasun tokia izatea dagokiola eta ahal dugun ondoen biziko garen tokia izan behar duela uste dugunon artean aukeratu beharko da. Alde batetik egongo dira tradizionalak, PP eta PSOE, gehi Podemos indartsua gehi Ciudadanos ez horren indartsua. Eta, beste alde batetik gu egongo gara, EAJ-PNV. Beraiek, Espainia dira, eskuindarrekoak edo ezkerrekoak, baina Espainia, kaos egoeran; gu Euskadin, etorkizuneko Euskadin. Eta, Ezker Abertzalea? Etzanda segitzen du. Beren prozesua errespetatzen dugu eta gaur eta hemen esan nahi dugu beraiekin akordio eta lankidetza esparru zabalagoak partekatu nahiko genituzkeela, Udal Legearekin edo EUDELen inguruko akordioarekin lortu ditugunak bezalakoak. Ez dugu Ezker Abertzalea krisian sartzerik nahi. Baina beren burua argitu beharra dute. Beraientzat garrantzitsuena zer den esan behar dute: Ezkerra izena edo Abertzalea izenlaguna. Ez da gauza bera euskal nazioa nahi izatea eta aurrerapen eta gizarte justizia esparrua bilatzea eta, beste aldetik, gizarte gatazkaren eta iraultza antisistemaren bidez Euskadi iraultzailera iritsi nahi izatea. Ez da gauza bera. Lehen aukeraren inguruan hitz egiteko prest gaude; bigarrenerako, beste leku batera joan daitezela ate joka; Euskadi hori eta gizarte eredu hori ez dira gureak”.

Ortuzarrek Eusko Legebiltzarraren Autogobernu Lantaldean garatzen ari den lanaren balioa azpimarratu nahi izan du. “Han ezarri ditugu Euskadik merezi duen estatus berrirako oinarriak. Han ere prest gaude legealdi honetako azken minuturaino hitz egiteko prest, akordio hori lor dezagun. Saiatu egingo gara. Horixe izan zen gure konpromisoa, oinarri zabalak, oinarri partekatuak euskal autogobernu berria sortarazteko. Azken minuturaino saiatuko gara eta, oraingo legealdian ezin bada, hurrengo legealdiko lehen lanetako bat izango da”, bermatu du.

EBBren presidenteak azkenerako utzi nahi izan du bere asmoa eta helburua argi eta garbi adierazten duen aldarria. “Euskal nazionalistak gara. Abertzaleak. Euskal aberrian sinesten dugu eta aberria hazi arazi nahi dugu nazioarte mailan aitortua izan arte. Esparru globalean edo hurbilean ere ez digute erraz jarriko. Baina guk konfiantza daukagu gure buruan. Herri honetako emakume eta gizonengan. Konfiantza daukagu zuongan, Euskadi izeneko egitasmo hau bultzatzen segitzeko. Euskadi da gure Aberria. Gure Aberri bakarra. Eta aske izan nahi dugu. Aske bizitzeko, aske erabakitzeko, aske izateko”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak bere diskurtsoa hiru zutabetan oinarritu du: EAJ-PNVk proiektu europazalearen aldeko apustuaren alde hartzen duen konpromisoa baina, hori bai, bere sorreran izan zituen printzipioetan oinarritu behar dena bizikidetza, solidariotasun eta ongizate esparrua izan dadin; ezustekorik eta zoritxarrik gabe egon ez den arren, azken urteotan Euskadiko egoera ekonomikoak hobera eman duen aurrerapausoaren aldarrikapena; eta gizarte osoari egin dion deia, ahalegin eta bultzada berriak egiteko, gure semeek eta alabek beren bizitza ahal denik eta baldintzarik onenetan garatu ahal izan dezaten.

Urkulluk gogoratu duenez duela 100 urte, 1916 urtean hain zuzen, “Euzko Alderdi Jeltzaleak Lausanan Nazioen III. Konferentzian parte hartu zuen, eta han Euskal Estatuen errealitatea aurkeztu zuen eta beste nazionalitateen artean biziarazteko zuen helburua azaldu zuen”. Lehendakariak baieztatu du EAJ-PNVk betidanik aldeztu duela Europa “gizatiarra, pertsona helburu duena, ezberdintasunean elkartua, kultura eta herri ezberdinekiko errespetuarekin. Europa soziala, solidarioa, integratzailea eta irekia. Hori da guk nahi dugun Europa. Nazioarteko terrorismoaren eta basakeriaren erronkari giza eskubideak eta askatasuna aldarrikatuaz erantzungo dion Europa. Segurtasun politika koordinatua izango duen Europa, Ertzaintza polizia integral gisa integratuko duena. Elkarbizitza, solidariotasun eta ongizate esparrua izango den Europa. Euskadik parte hartu ahalko duen Europa eraikitzeko lanean segituko dugu, berdintasun egoeran, gure nortasun propioa dugun Herria garen heinean”.

Lehendakariak hitzeman du “Herri honi bultzada berria emateko ahalegina” egingo duela eta baikortasun osoz eta ilusio guztiarekin egin du. “Duela lau urte eskas Herri hau atzeraldi egoeran zegoen eta enplegua galtzen ari zen. Baina kudeaketari zorroztasun osoz ekin genion, pertsonak helburu gisa jarri genituen eta suspertze ekonomikoa babestu genuen, eta 2014 urtean egoerari buelta ematen hasi ginen. Bederatzi hilabete beteko ditugu segidako hazkundearekin eta enplegu sorrerarekin. Aurrera egiten ari gara baina inor atzean utzi gabe. Ezagun ditugu zailtasunak, Administrazioak berezko dituenak eta ekimen pribatuak dituenak. Lehen eskutik ezagutzen ditugu, gaur egun siderurgia esparruan dauden arazoak, bereziki altzairugintza alorrekoak Ezkerraldean, Paduran, Urolan eta Gasteizen... Aitortu behar dugu asko dugula egiteko, hazteko, dezimaz dezima, pertsonaz pertsona, enpleguz enplegu. Euskadin familia asko daude oraindik zailtasun egoeran daudenak. Ezin dugu ahaztu. Lanean segitu behar dugu. Baina orain aldian eusten lagundu dugu eta etorkizuna planifikatu dugu. Euskal ereduak ekonomia errealaren aldeko apustua egiten du, enpresaren alde eta industriaren alde, ekintzailetza eta akordioa. Bikaintasuna dugu helburu gizarte politiketan, hezkuntzan, kulturan, osasun eta ingurumen alorretan. Orain aldiko zailtasunak zailtasun, etorkizunerako bidean jarri gara jada”. Horregatik guztiagatik Urkulluk ez du “minutu bakar bat” galdu nahi izan “katastrofistei” erantzuteko, “kritikatzea eta exijitzea besterik ez dakitenei, arkadia zoriontsua predikatzen dutenei baina euskal gizartearen ezaugarriak kontuan hartu gabe, gizarte justizia eta mugarik gabeko prestazioak aldarrikatzen dituztenei, kudeatzeko inolako ardurarik ez duten egoeratik denontzako enpleguak agintzen dituztenei, politika egiteko molde berriak predikatzen egon ondoren iraganeko ‘zentralismo politikoarekin’ jarduten dutenei. Ezagun ditugu predikatzaile horiek guztiak. Eta argi bezain garbi esan nahi diegu gauza bat dela predikuan aritzea eta beste ezberdina garia ematea; gauza bat da agintzea eta bestea betetzea. Eta Jaurlaritza honek bere hitza betetzen du: babesa ekonomiaren suspertzeari eta babesa berrikuntzari; langabeziaren beherakada; Euskadi-Basque Country estrategia, familia babesteko estrategia. Hori da esana betetzea”

“Bere gazteriarekiko konpromisoa hatuko duen Euskadi nahi dut. Eta gazteria konprometitua Euskadi berria berregiteko eta eraikitzeko lanarekin”, amaitu du Urkulluk. “Hainbatetan entzun dugu gure seme-alabak ez direla beren gurasoak bezala biziko, bizimodu okerragoa izango dutela... Nik ez dut baieztapen hori onartu nahi. Lan egin behar dugu hobeto bizitzerik izan dezaten. Hobeto bizitzeak ez du berdin bizitzea esan nahi. Gizarte irekiagoan eta globalagoan biziko dira, konprometituagoan eta iraunkorragoan, denborak baino urrats bat aurrerago jarriko dena. Sare eta Sareen gizartean. Bere nortasunaz harro egongo den Euskadin, bere balioak partekatzeko harrotasuna sentituko duena. Hori da etorkizuneko Euskadi eta gure ahalegin guztiak eskatzen ditu. Etorkizuneko Euskadi, bultzada berria behar duena. Etorkizuneko Euskadi, denon artean eraikiko duguna. Orain aldian lan egiten ari gara etorkizuna eraikitzeko. Euzko Alderdi Jeltzalearen izpiritu ireki, baikor eta eraikitzailearekin”.

 

  Berri ikusiagoak...