SANTURTZI

Prentsa Aretoa

2022/11/27

Ortuzar: “Ikaragarria da Guardia Zibilaren eta Espainiako ejertzitoaren aurrekontuari 'bai' bozkatzea baina Osakidetzarenari eta RGIarenari 'ezetza' ematea”

Euzkadi Buru Batzarraren presidentea eta Iñigo Urkullu Lehendakaria Sukarrietan izan dira Sabino Arana EAJ-PNVren fundatzaileari urtero egin ohi zaion omenaldian, aurten bere heriotzaren 119. urteurrena betetzen delarik

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Madrilgo eta Iruñeko pragmatismoa eta kolaborazioa Gasteizen populismo eta arduragabekeria bilakatzen dira. Edo, beste hitzekin esanda, Guardia Zibilaren eta Espainiako ejertzitoaren aurrekontuari bai eman ahal zaio, Osakidetzaren eta RGIaren aurrekontuari ez esaten zaion bitartean. Ikuspegi abertzale batetik, ikaragarria da erabat. Eta ikuspegi sozialetik, jarrera guztiz bipolarra. Euskadi koitadua, gaur egun mundua bizi den egoeran, bere etorkizuna horren seriotasun eta erantzukizun eskasa duen eta horren fundamentu gutxi duen jendearen eskuetan badago”.

Euskadiko bigarren indar abertzaleari buruz hitz eginez, hauxe izan da Andoni Ortuzarrek, Euskadi Buru Batzarraren presidenteak, EAJ-PNVk gaur Sukarrietan Sabino Arana fundatzailearen heriotzaren 119. urteurrenaren kariaz egin duen ekitaldian zabaldu nahi izan duen bigarren mezu nagusia. Ekitaldian izan dira, besteak beste Iñigo Urkullu lehendakaria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente andre Ana Otadui, Euzkadi Buru Batzarreko burukideak eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu, erakundeetako hainbat ordezkari jeltzaleekin batera. 500 bat alderdikide eta alderdizale batu dira ekitaldian. 10:30ean ohiko lore eskaintza egin da Sabino Aranaren hilobian; 11:00etan meza eman da eta ekitaldia 12:00etan amaitu da Ortuzarren hitzaldiarekin. Hasi baino lehenago EBBko lehendakariaren eskuetan utzi da Limako Arantzazuko Amaren ermandadeak bere sorreraren 400. urteurrena ospatzeko egin zuen ikurrina. Euskal ikurra eman dio Ortuzarri Luis Javier Pérezek Ermandade horrek eta Limako Arantzazu Euzko Etxeak Europan duten ordezkariak. Ikurrina hau ikusgarri egon da goiz osoan Sukarrietan eta bihartik aurrera Sabino Arana Fundazioak gordeko eta babestuko du.

Ortuzar bere hitzekin hasi da aldarrikatzen “Irulegiko eskuak” Limako Ermandadearekin, Sabino Arana 1865ean jaiotzearekin eta Euzko Alderdi Jeltzalearen sorrerarekin duen lotura: “Gizatalde batek historian zehar lurralde batekin, hizkuntza batekin eta sinbolo batekin aldarrikatu duen konexioa”, eta esan du berak nahiko zukeela “bi mila urte barru” ikurrina hau izan dadila gaurko garaia ikertuko dutenentzat XXI. mendeko “Irulegiko Eskua” bezalakoa, urterik urtera, menderik mendera, bere etorkizunaren alde eta munduko beste herrien artean herri bat izateko borrokatzen den herriaren adierazpen gisa”. “Horretarako sortu zen Euzko Alderdi Jeltzalea duela 127 urte”, gogoratu du buru abertzaleak.

“Herri batek bizi duen momentu bakoitzak dauzka bere beharrak, bere lehentasunak, bere helburuak, eta gaur gureak dira euskal autogobernua babestea eta handitzea Euskadiren burujabetza osoa lortu arte, eta euskal interesak etxe barruan eta etxetik kanpo defendatzea”, azaldu du Ortuzarrek horixe bera Aurrekontuen negoziaketan Madrilen egin duena izan dela baieztatu aurretik. “Bakean egoteko beste bost urte gehiago lortu ditugu Kupoarekin, ziurgabetasun ekonomikoak ematen diren garaian segurtasun finantzarioa emango digun zerbait. Kirolaren legeak euskal selekzioei nazioartean parte hartzeko aukera ematea lortu dugu, Pilota eta Surf selekzioei,hain zuzen. Baina gero eta zabalagoa izango den bidea hasi dugu. Euskadirentzako partidak ia bikoiztea lortu dugu. Epe laburrean espero dugu trenen transferentzia. Energia enpresei eta bankuei zerga berriek Euskadiri egin liezazkieketen kalteak mugatu ditugu, diru-sarrera ekonomikoen bidez edo hemengo inbertsioak mugatzeagatik. Horrela, haientzat lan egiten duten enpresetan lanpostu asko mantentzea lortu dugu. Azken batean, balantze ona da, eta harro baino harroago gaude horretaz. Orain, Munduko Txapelketan gaudela, gure Euskadiko elastiko gorri, berde eta zuriaren koloreak defendatu ditugu Madrilen”, ziurtatu du.

Etxera begira, Ortuzarrek Eusko Jaurlaritzaren 2003ko Aurrekontuak aldarrikatu ditu, bizi dugun errealitate ekonomiko eta sozial konplexuari aurre egiteko diseinatuta daudela iritzita. Eta, Aurrekonturik sozialenak direla esaten dugunean, ez dugu esaten esateagatik. Inork interesa badu, gure ingurukoekin konparatzeko prest gaude. Berdin digu Gobernu Zentralarekin edo beste Erkidego batekin. Nahi dutena. Eta argi izan ezazue gureetan jasotzen direla neurririk progresistenak, gizarte babesik zabalenarekin, zerbitzu publikoetarako dotazio handienekin”. Hala ere, hori ez da nahikoa Euskadiko oposizioarentzat, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari ukatzen dion guztia eskuzabaltasunez ematen baitio Espainiako Gobernuari. “Madrilen edozer onartzen dute: gastu militarrerako igoera handi samarrak, zerga-neurri garrantzitsurik ez, gizarte-politiketan gureak baino askoz txikiagoak diren hazkundeak… baina Euskadira etortzen bagara, begietako estalkia lupa bihurtzen da, eta aurrekontuen inguruan iraultza sortarazi nahi digute, hondamendira eramango gintuena”, deitoratu du. Hori dela eta, Ortuzarrek erantzun egin nahi izan die egunotan Ezker Abertzaleak Madrilen lortutako akordioengatik “jeloskor” dagoen EAJ-PNV aurkezten dutenei. “Ez gara jeloskor jarri Bildu bide instituzionalean sartu delako eta besteek bezala negoziatzen duelako: pozik jarri gara, berrogei urte geroago, berrogei urte beranduago, behar dutena egiten dutelako. Hau da nor bere ibilbide politikoari egin ahal dion osoko zuzenketarik handiena. Ona da eurentzat eta ona da Euskadirentzat beraiek Madrilen moketa gainetik ibili daitezela eta normalizatzea. Mingarriena da hemen daukaten jarrera, EAEn”, baieztatu du.

Jeltzaleen buruak azken mezua luzatu die alderdikideei. “Datozen hilabeteotan lan erraldoia egin beharko dugu. Urtebete eta erdian hauteskunde guztiak egingo ditugu. Dena eman behar dugu. Baikor nago. Eta ez inkestengatik, onak dira, baina ez itzazue sinetsi. Baikor nago Alderdia ondo ikusten dudalako. Gizartean oso egoera ona du eta oso bizirik dago barrutik. Lehen mailako hautagaitzak aurkeztuko ditugu, jende prestatua, genero oreka handiarekin, hori zelarik aspaldi honetan aldatu behar genuen zerbait, eta uste dut oso nota ona aterako dugula. Urratsak ematen jarraitu behar dugu norabide horretan. Lana, lana eta lan gehiago hemendik eta maiatzera arte, eta euskal erakundeak , berriz ere, esku onenetan egongo dira”, esan du gogotsu. “Euzko Alderdi Jeltzalea gara eta hemen gaude, euskal lur gainean zutunik, eta Sukarrietatik aldarrikatu nahi dugu Euskadirekin daukagun konpromiso hautsiezina, konpromisoa bere aurrerapenarekin eta bere nazio askatasunarekin! Gora Euskadi askatuta”, amaitu du.

  Berri ikusiagoak...