Agiriak
Adierazpena
2016/11/25
AZAROAREN 25 A: EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Azaroaren 25a "Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna" dugu, Nazio Batuen Batzar Nagusiak hala erabaki zuenez gero. Egun horren kariaz, EAJ-PNVren aldetik, beste behin ere, emakumeen kontra dimentsio guztietan erabiltzen diren indarkeria adierazpen guztien kontrako gaitzespena adierazi nahi dugu.
Emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen urratze larria da, gizakien duintasunarekin erabat bateraezina da eta, horregatik, errotik desagerrarazi beharra dago bizitza publikotik zein esparru pribatutik.
Emakumeen aurka baliatzen den indarkeriaren arazoa gizarteari bere barne egituratik datorkion gaitza da, eta gero eta arbuio argiagoa jasotzen du erakundeen eta elkarteen aldetik eta, oro har, gizartearen aldetik ere. Zentzu honetan azpimarratu behar dugu gizarte zibilak eta erakundeek orain arteko bidean egin duten lana, hiritargo osoa emakumeen kontrako indarkeriaren erabilpenak dituen alderdi guztiak ezagutzeko beharraz eta maiztasun dramatikoan kolpatzen gaituen indarkeria hori desagerrarazteko neurriak hartzeko beharraz ohartaraztea xede.
Emakumeen eta nesken kontra erabiltzen diren indarkeria era guztiak borrokatzea da,oraindik ere, EAJ-PNVren lehentasunetako bat, eta Alderdi honek gaur hitzematen du erakundeen eta euskal gizartearen eskutik, emakumeen ahalduntzea bultzatzen jarraituko duela indarkeriatik libre biziko den gizartea izan dezagun.
Indarkeria molde guztiak desagerrarazteko dugun konpromiso aktiboari eutsiz, EAJ-PNVren aldetik irmotasun osoz ekin nahi diogu indarkeria sexista gazteen eskutik eta gazteen artean prebenitzeko lanari, gazteen artean ematen den indarkeria matxista baita benetan kezkatzen gaituen errealitatea.
Arlo honetan, erakunde publikoek, eta haiekin batera gizarte osoak, berdintasun politika publikoak garatzeko eta indartzeko derrigorra dute eta dugu, berdintasun sailen lidergoarekin, indarkeria sexistaren alorrean prebentzio lana egitera begira, Hezkuntza eta Gazteria sailetatik bideratuko diren politikekin bat eginik, esparru guztietatik gazteen ahalduntzea ahalbidetzeko eta berdintasun ezaren eta indarkeriaren aurrean erantzuteko izan dezaketen ahalmena sustatzeko.
Azken finean, EAJ-PNVren aldetik, geure egiten dugu eta aitortzen dugu emakumeenganako indarkeriaren fenomenoaren aurrean dagokigun erantzukizun sozial eta politikoa, gure eguneroko aurreiritziak jarrerak eta jokamoldeak norbanako gisa eta talde gisa berraztertzeko ariketatik hasita, gero eta gizarte berdintzaileagoa eraikitzera eramango gaituen prozesura begira,hori ezinbestean eman beharreko urratsa dela ulertuta. Ez dugu onartuko emakumeen kontrako erasoak edo haiek diskriminatzeko jarrerak arinkeriaz hartuko dituen edo justifikatuko dituen diskurtsorik.
Zentzu honetan, euskal hiritargo osoa animatu nahi dugu azaroaren 25ean, “Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna” izango den horri begira antolatu eta deituko diren ekitaldietan parte hartzera.
Gure Egileak
-
Ayto Santurtzi
-
Santurtziko UBB
-
Ricardo Ituarte