Prentsa Aretoa
2013/03/27
KORNITES ERROMERIAK MENDIA ALAITUKO DU PAZKO ASTELEHENEAN
Serantes mendian hurrengo astelehenean Kornites erromeria tradizionala egingo da, Santurtziko Udaleko Kultura Arloko “Serantes Kultur Aretoa” Erakundeak antolatua. Milaka santurtziar zein kanpotar hurbilduko dira, urtero bezala, mendia alaiago dagoen egun honetan.
Mazo muinoan, 446 metroko garaiera duen Santurtziko birika horretan, hurbilduko diren ume guztiek herri kiroletako jolasak izango dituzte eguerdiko hamabietatik arratsaldeko ordu bi eta erdiak arte. Honetaz gain, jolas-parkea jarriko da eta bakarrik itxiko da ordu eta erdiz bazkaldu ahal izateko (14:30etik 16:00etara). Eta nagusi txikiek gozatzeko arratsaldeko lauretan erromeria izango da DANGILISKE Plaza Dantza Taldearen eskutik, arratsaldeko sei eta erdiak arte.
Arrantza Portuan dagoen Udal Turismo Bulegoak doaneko igoera gidatua eskainiko du Serantes Mendira, eta Turismo Bulegotik bertatik irtengo da, goizeko 10:00etan. Bertan, ingurune natural eta historiko honen hainbat alderdi ezagutaraziko dizkigute. Igotzen hasi baino lehen “Itsaso Museoa” berria erakutsiko da. Igoeran parte hartzeko izena eman behar da Turismo Bulegoan bertan, 94 983 94 94 telefonoan edo turismo@santurtzi.net helbidean.
Horrez gain, Arantzadi Zientzia Elkarteak parte hartu nahi izan du mendiko jai honetan eta gotorlekua birgaitzeko lanak ikusteko bisita gidatuak egingo ditu. Era berean, elkarte honek Serantes mendiko habitata berreskuratzeko lanak ere azalduko ditu, Serantes mendiko fauna eta florari buruzko argazki eta panelen bitartez., zeinak gotorlekuaren pabeloi birgaitu batean ikusgai izango diren. Arantzadi Zientzia Elkarteak ingurumen hezkuntza tailerrak ere emango ditu: hegaztiak behatzeko bisita gidatua, naturako materialak erabiliz babesleku bi eraiki, mendiko faunari buruzko argazki erakusketa, horma lehorrak eraikitzeari buruzko tailer teorikoa eta erakustaldia. Tailer hauetan gehienez 20 lagunek hartuko dute parte.
Serantesera oinez, bizikletaz nahiz zaldiz igo daiteke, goizean zein arratsaldean edo egun osoa eman daiteke, mendian bazkaltzeko mahaiak eta eserlekuak daudelako.
Kornites erromeria antzinatik ospatzen da eta izena “kornite” izeneko ogi-opiletik hartzen du. Aspaldi egun horretan jaten zen ogia zen, barruan txorizoa, arrautza edo biak zituen eta ogiarekin batera egosten ziren. Gaur egun jaiaren egunean Kai Alde okindegiak Mamarigan, Kabiezesen eta Mendizabal Kapitaina kalean dituen dendetan eros daiteke.
Mendi-egun zoragarria igaro nahi duten guztiak botak jantzi, motxila eta kantinplora hartu eta etor daitezela ehunka urteko erromeriara.
KORNITESEKO JARDUERAK
10:00 Igoera gidatua Serantes mendira (elkargunea Turismo Bulegoa-Arrantza Portua)
11:00 Gotorlekuaren inguruan ordu beteko bisita gidatua, (hegaztiak) Elkargunea Aranzadi elkartearen erakustokia.
12:00 Jolas parkea (14:30ak arte)
12:00 Gotorlekuaren inguruan babesleku bi eraiki, naturako materialak erabiliz (zuhaitz adarrak) Elkargunea Aranzadi elkartearen erakustokia
12:00 Herri kiroletako jolasak (14:00 arte)
13:00 Serantes mendiko faunari buruzko argazki erakusketa Gotorlekuaren inguruan. Izen-ematea Aranzadi elkartearen erakustokian
14:00 Horma lehorrak eraikitzeari buruzko teoria eta erakustaldia, Gotorlekuaren inguruan. Izen-ematea Aranzadi elkartearen erakustokian
16:00 Jolas parkearen jarraipena (18:30ak arte)
16:00 Erromeria DANGILISKE Plaza Dantza Taldearen eskutik (18:00 arte)
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/02
EBB
2022/12/19