SANTURTZI

Prentsa Aretoa

2016/05/07

Ortuzar: “Iñigo Urkulluk pertsonifikatzen du euskaldunon egiteko modu ezberdin hori”

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak hausnarketa egiteko gonbita luzatu die herritarrei: “Galde diezaiotela euskaldunek beren buruari ea lau alderdi espainiarrek konfiantza merezi duten azken lau hilabeteotako porrotaren ondoren”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Ikusi Euskadin zer gertatu den azken lau hilabeteotan, Madrilen zarataka bakarrik ari ziren bitartean. Hemen, Udal Legea onetsi da, lankidetza protokoloa sinatuko dugu Nafarroarekin, langabezia behera doa etengabe, gure ekonomia hazten ari da Espainiako batez bestekoaren gainetik… Madrilen, txitxarra; Euskadin, inurrien modura, lanean. Geurera egon gara, inporta zuen horretan: gobernatzen, adosten, hitz egiten, jendearen arazoak konpontzen. Eta Iñigo Urkulluk pertsonifikatzen du euskaldunon egiteko modu ezberdin hori”. Hitz horiekin, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Andoni Ortuzarrek, txalo zaparradarik beroenetarikoa jaso du, gaur, EAJ-PNVk Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian egin duen ekitaldian, Aberri Batzarrak Urkullu lehendakarigai aldarrikatu ondoren, datorren udazkeneko hauteskundeetarako. Ortuzarrek gonbita egin dio Urkulluri agertokira igotzeko, eta bertan, besarkada hunkigarria eman diote elkarri.

“Garai latzak izan dira Lehendakariak kudeatu behar izan dituenak. Diru gutxi eta arazo asko. Tentsio politiko ikaragarria eta besteez hitz egiteko gogorik ez”, gogorarazi nahi izan du Ortuzarrek. “Baina abian jarri dira proiektuak, heldu dira akordioak. Eta are garrantzitsuago, duintasunez mantendu dira zerbitzu publikoak, txarto pasatzen ari ziren eta ari diren pertsona eta familiekiko elkartasuna sendotu egin da. Langabezia jaisten hasi da. Ekonomiak eta industriak albiste onak ematen dituzte, Arcelor eta krisian dauden enpresa guztiak ahazten ez ditugun arren. Oskarbi dator ekaitzaren ostean”, aldarrikatu du gero. Hori dela-eta, buruzagi jeltzaleak zera eskatu dio Urkulluri, “Lehendakaria izaten jarrai dezala, azken minutura arte, hauteskunde kanpaina hasi arte. Gu gobernatzera, hauteskundeak heldu arte geratzen zaizkigun egun guztiak aprobetxatu behar ditugu, Herri hau gera ez dadin, aurrera egin dezan, soluzioak mahai gainean jartzen jarraitzeko, enplegu eta ekonomiarako; bake, bizikidetza edo autogobernurako”.

Ortuzarrek bere mintzaldiaren zati handi bat erabili du Espainiako egoera politikoaz hitz egiteko, PP, PSOE, Podemos eta Ciudadanos alderdien porrot larriak baldintzatu duen egoera latza, eta horren ondorioz, guztiz ezohiko zerbait: Hauteskunde Orokorrak errepikatu behar izatea. “Horrek argi eta garbi uzten du euskaldunok geure indabak atera behar ditugula lapikotik. Ez du inork gure ordez egingo”, ohartarazi du Ortuzarrek. “Ikusi duzue, honezkero, Madriletik zer espero dezakegun. Ezer ez. Gutxienez, ezer onik ez. Zer gertatu da han azken lau hilabeteotan? Hitz egiteko ezintasuna, hitzartzeko ezintasuna. Berekoikeria alderdikoia. Galeriari begirako keinu eta adierazpenak. Txioak, bertxioak eta selfiak, edo hobe esanda, iruzurra. Eta jakina, porrotean amaitu da guztia. Ustezko lau liderrek eta beren alderdiek porrot egin dute eta jendea zoratu egin dute ezertarako ere ez”, kritikatu du. Horregatik, eta ekainaren 26ko hauteskundeei begira, EBBren presidenteak hausnarketa erraz bat egiteko gonbita luzatu die euskal herritarrei: “Zentzurik al dauka eurei konfiantza botoa emateak? Inork uste al du, ikusi duguna ikusita, behar den aldaketa beren eskutik helduko dela? Ez al da hobe izango Euskadi lehentasuna izatea, ‘Lehenik Euskadi’, gurean eustea, geureen laguntzarekin?”. Bukatzeko, Ortuzarrek inplikazio maximoa eskatu die jeltzaleei ekainaren 26a jomugan. “Mugitu behar dugu, beti bezala, baina sekula ez bezala”, esan die berriro alderdikideei.

  Berri ikusiagoak...