SANTURTZI

Prentsa Aretoa

2016/06/24

“Marea berdeak Euskadiri garaipena ekar diezaiola”

Bilboko Arriaga plazan alderdikide eta alderdizale andanaren aurrean egin den kanpaina amaierako ekitaldian, Urkulluk, Ortuzarrek eta Kongresurako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerrendaburu jeltzaleek euskal hiritarrei eskatu diete igandean geureari eustea eta EAJ-PNVren alde bozkatzea.

rss Ezagutzera eman
“Marea berdeak Euskadiri garaipena ekar diezaiola”

ARGAZKIA JAITSI

“Harro gaude gure herriaz. Eta ez dugu onartuko beren onura propioa besterik bilatzen ez dutenen desadostasunak, gatazkak eta arduragabekeriak gure ongizatea kaltetzea. Guretzat, Euskadi da lehena. Guretzat garrantzitsuena pertsonak direlako, lana, pentsioak, ongizatea, aurrera egiteko aukera. Guri axola diguna hemen dago. Ez gara urdinak, ezta gorriak, laranjak edo moreak ere. Euskadi berdea da. Igandean boto berdea eman behar da. Itxaropena bozkatu behar da. Euskadi bozkatu behar da. Euzko Alderdi Jeltzalea bozkatu behar da. Eragin dezagun marea berdea Euskadiri garaipena ekartzeko”. Azken dei honekin eta Gabriel Arestiren hitzekin itxi du Andoni Ortuzarrek gaur EAJ-PNVk Bilboko Arriaga Plazan kanpainari amaiera emateko egin duen ekitaldi handia. Azken mitin honetan 2.000 pertsona batu dira EBBren presidenteari, Iñigo Urkullu Lehendakariari eta Diputatuen Kongresurako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuei, Mikel Legarda, Aitor Esteban eta Joseba Agirretxeari entzuteko.

Ortuzarrek bere esker onik zintzoena adierazi die alderdikide eta alderdizale jeltzaleei (“Eskerrik asko pilak kargatzeagatik, energia garbirik onena zarete zuek: garbia, etxekoa eta berdea” esan du), baina diskurtsoaren zati handi bat dedikatu nahi izan die oraindik erabakia hartu gabe dutenei, EAJ-PNVren alde bozkatzea erabakirik zuzenena dela erakusteko. “Ez dugu ahaztu behar hauteskundeak errepikatzen ari garela, PP PSOE ,Podemos eta Ciudadanos elkarren artean ados jartzeko gai izan ez direlako. Zer politika modu da hori? Zer nolako politikariak dira horiek?. Egin duten gauza bakarra da mahaia marra gorriz betetzea. Eskolako txikitxoen gelako mahaia dela ematen du” esan du jeltzaleen buruak. “Eta, marra gorri horien aurrean, zer egin du EAJ? Marra berdeak jarri ditu adosteko. Marra horiek mahai gainean Euskadik jarri ezik, ez dituelako beste inork jarriko. Horrelakoak gara gu. EAJ denekin adosteko gai izan da. Eta horregatik, herri honek gobernu indartsuak ditu aldundi guztietan eta udal guztietan. Funtzionatzen duten gobernuak. Horrela, gorriaren aurrean, berdea jartzen dugu; desadostasunaren aurrean, adostasuna; eta beren ezintasunaren aurrean, gure gaitasuna. Inor ere ez dadila igandean erratu boto orria aukeratzerako orduan”.

Ortuzarrek gogoratu du “herri hau duela 40 urte nolakoa zen eta birmoldaketa industrialaren ondoren batzuek nola utzi ziguten”, eta azaldu nahi izan du gaur egun nolakoa den EAJ-PNVren lanari esker. “Herri modernoa da, aurreratua, kalitatezko zerbitzu publikoekin. Ondo bizi den herria. Herri solidarioa. Behar duenari laguntzen dion herria. Bere nagusiak zaintzen dituena. Gazteei etorkizun ona eskaini nahi dien herria. Herri hau denon artean eraiki dugu, bai. Baina batez ere EAJren gobernuekin”. EAJ-PNV abalatzen duten egintzen aurrean, Ortuzarrek oraindik zalantzan daudenei galdetu die konfiantza PSOErengan edo PPrengan jarriko duten, Patxi Lopez Ajuria Eneara eramateko ados jarri ziren alderdiengan, hain zuzen “eta Euskadi porrot ekonomikoaren atarian utzi ziguten. Eskerrak haien ondoren gobernu ona etorri dela, Urkullu lehendakariaren gobernua”. Era berean gogoratu du EH Bilduren esperientzia ezin okerragoa Gipuzkoako erakunde nagusietan. “Arazoak konpondu beharrean, askoz gehiago sortarazi zituen. Eta horregatik eman dio bizkarra Gipuzkoako gizarteak. Egitasmorik ez zuelako” . Era berean, etorri berrien kontra ohartarazi nahi izan die . “Podemos Bildu berria izan daiteke. Eta nik, zera galdetu nahi nuke: Podemosen desgobernuaren lau urteak sufritzeko moduan ote gaude, azkenean egitasmorik ez dutela ikusteko? Herri bat eraikitzeko urte asko behar dira. Eraisteko nahikoa dira urte apur batzuk. Denon eskuetan dago hori saihestea”.

“Botoa emateak balio du, asko balio du gainera. Asko dugu jokoan. Uste duguna baino gehiago” iragarri du Ortuzarrek. “Beraz, ondo pentsatu. Bozka ezazue buruarekin. Ez bozkatu Rajoyri atzealdean ostikoa emateko. Eman botoa Euskadiri bultzada ederra emateko. Ez bozkatu iraganagatik. Bozkatu etorkizunari begira. Eman botoa Euskadiri begiratzen dionari. Euskadiren alde lan egiten duenari. Hemengo arazoei konponbidea bilatzen dienari. Igandean, eman ezazue boto berdea. Osakidetzako osagileen bataren berdea, denontzako kalitatezko osasunaren alde. Euskadiko kaleak eta herriak garbi mantentzen dituen zerbitzuaren berdea. Tranbiaren berdea, autobusen eta kalitatezko zerbitzu publikoen berdea. Etorkizun hobea bilatzen duten begi horien guztien berdea. Hori da gure berdea. Itxaropenaren berdea. Euskadiren berdea. Euzko Alderdi Jeltzalearen berdea” amaitu du.

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur, europar proiektuarentzat hain kritikoa izan den egunean, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren legatua ekarri nahi izan du gogora, lehen Lehendakaria europazale konbentzitua izan zelako. “1951ean egin zituen adierazpenak irakurriko dizkizuet: ‘euskal herritarrok Europar tradizio zaharra dugu, arazo hauei ezin diegu axolagabe begiratu. Gure Herrian eta kanpoan Europako alderdia izan behar dugu, hau da, askatasunaren eta aurrerapenaren alderdia”. Horregatik Urkulluk gaur “eta gaur bereziki“ baieztatu nahi izan du “Euzko Alderdi Jeltzalea Europako alderdia dela. Euzko Alderdi Jeltzalea Euskadiren askatasunaren eta aurrerapenaren alderdia dela. Agirre ere diputatu izan zen Madrilen eta Ikurrina eraman zuen hara…. Duela 80 urte: Estatutua onartu zen eta Eusko Jaurlaritza eratu zen. Euzko Alderdi Jeltzalea Errepublikaren parte aktibo izan zen. Konpromisoak, Madrilen eta Euskadin, Autogobernuaren eta gaur ezagutzen ditugun erakundeen bidea zabaldu zuen. Gerra aurreko denborak eta guda zibil garaiak izan ziren. Oso latzak. Demokraziaren eta Euskadiren aldeko apustua izan zen”.

Igandeko hauteskundeei begira, Urkulluk argi baino argiago utzi nahi izan duenez “Espainiaren egoera larria da. Krisia sakona da. Gure proposamena eraikitzailea da: Suspertzea, birsortzea, berregitea. Gure proposamena ez da iraultza, eboluzioa da. Beste urrats bat eman behar dugu. Euskadirentzako etorkizun berria. Herria berriro eraldatzeko, eboluzionatzeko. Euskadi 4.0. Ezinbestekoa da Euzko Alderdi Jeltzalearen alde bozkatzea. Hazkunde handiagoa. Demokrazia zabalagoa. Euskal nazio indartsuagoa”

Aitor Estebanek, datorren igandeko hauteskundeetarako EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburuak, euskal herritar guztien konfiantza eskatu du “euskal hiritargoaren interesak, jeltzaleen lehentasun bakarra direnak, Madrilen hartuko diren erabaki guztietan presente egon daitezen. Baieztatu duenez “batzuen bandera urdinaren aurrean, duela ez horrenbeste urte eramaten zutena bezalakoa, besteen gorri eta uniformizatzailearen banderaren aurrean eta ; Gaztelako zutoihala bezain morea den banderaren aurrean, iruzurrak eta foruen abolizioa gogora ekartzen dizkigun kolorekoaren aurrean, gaur ikurrina musukatzen duen eta hurrengo egunean Guardia Zibilari eta Ejertzitoari biba esaten dion liderraren banderaren aurrean, Euskadirena gorri, zuri eta berdea da, bestelako nazioa delako, menpekotasunik gabea eta Madriletik eginiko agindurik gabea”. “Gure interesak ez dira ez Marianorenak, edo Pedrorenak,Pablorenak edo Albertenak; Jonenak dira, Mirenenak, Mikel, Ane, Javi, Eva, Guillermo edo Aintzanerenak dira eta horregatik, EAJ-PNVk izan behar du herri honetako lehen indarra”, ezarri du.

  Berri ikusiagoak...