SANTURTZI

Prentsa Aretoa

2017/11/25

Sabin Etxeak bere ateak irekiko ditu inauguratu zeneko 25. urteurrenean

EAJ-PNVk bere alderdikideak eta, oro har, euskal gizarte osoa gonbidatu du abenduaren 1 eta 2an bere egoitza nagusia Bilbo berriari eskaintzen zitzaion ekarpen gisa inauguratu zeneko urteurrena ospatzeko egingo diren ekitaldietara

rss Ezagutzera eman
Sabin Etxeak bere ateak irekiko ditu inauguratu zeneko 25. urteurrenean

ARGAZKIA JAITSI

Udazken honetan 25 urte betetzen dira Sabin Etxea Euzko Alderdi Jeltzalearen egoitza berriztatu gisa eta Bilbo berriari egiten zitzaion ekarpen arkitektoniko gisa aurkeztu zenetik. Zilarrezko ezteiak ospatzeko asmoz, Sabino Arana alderdiaren fundatzailea jaio eta bizi zen etxea zegoen orubean altxatu zen eraikinak abenduaren 1 eta 2an bere ateak irekiko dizkie alderdikide jeltzaleei eta euskal hiritarrei, EAJ-PNVk eraikina egin zeneko konpromisoa berresteko asmoz prestatu dituen ekitaldiak egiteko: Sabin Etxea Euskadiko hiritargoaren topagunea izan dadila.

‘Gure balorren etxea’ goiburua duen ospakizuna datorren ostiraleko 19:00etan hasiko da eta Euskadi osoko eragile eta gizarte ordezkariak egongo dira gonbidatuta. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak bertaratuei hitz egingo die eta, ondoren, ordu erdiro, ikuskizun ikusgarria erakutsiko da Sabin Etxeko fatxadan,19:30etik 22:00etara arte. `Mapping´ izeneko teknika bidez irudi erakargarriek eta musika harrigarriak ikusleari eskainiko diote eraikinaren historian zehar prestatu den ibilbide berezia.

Ospakizunek larunbatean izango dute jarraipena, eta egoitza nagusiko ateak irekiko dira EAJ-PNVk bere eguneroko lana non eta nola egiten duen ezagutu nahi duten guztientzat. Goizeko 10:00etatik eta 14:00ra bitartean interesatuek Sabin Etxeko areto, gela eta bulegoak ezagutzeko aukera izango dute. Ortuzarrek berak eta Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak, besteak beste, gidari lana egingo dute eta beren bulegoak erakutsiko dituzte. Txikienek ere izango dute Sabin Etxera hurbiltzeko arrazoi bat. Efemeride hau ospatzeko txikientzat egin den antzezlana antzeztuko da eta Sabin Etxeko iragana, oraina eta etorkizuna azalduko da. Antzezpenak ordu erdiro eskainiko dira goizeko 11:00etatik eta 14:00etara bitartean.

Arratsaldean ere mapping ikuskizunak errepikatuko dira eraikinaren aurrealdean (19:00etatik 22:00etara). Ospakizunari amaiera ikusgarri eta harrigarria emateko, gazteei zuzendutako eskaintza berezia prestatu da eta hurrengo astean emango da ezagutzera.

Ekarpen arkitektonikoa eta euskal abertzaletasunaren sorburua

Gaur ezagutzen dugun Sabin Etxeak esanahi emozional, afektibo eta politiko handia dauka euskal abertzaleentzat, baina duela 25 urte eraiki zenean ekarpen xume eta aldi berean baliotsua izan zen XX. mendearen azken hamarkadan Bilbok bizi zuen eraldaketa prozesu hartan. Koldo Eguren arabar arkitektoak diseinatu zuen eraikina- bere lehen lana zelarik- eta Bilboko Guggenheim Museoa inauguratu zen aldi berean egin zen- 1992an, hilabete batzuk lehenago. Lan biak, bakoitzak bere ezaugarriekin, eraikuntza modernoak dira eta ateak ireki dizkiote hiribilduaren eraldaketa arkitektonikoari. 25 urte geroago, Sabin Etxeak, bisitaria harritzen duen eraikina izaten jarraitzen du: modernoa da, barrutik ederra da, egurra, porlana eta altzairua uztartzen ditu eta ezin hobeto integratuta dago Bilboko hiriburuan hirigintza arloan egin den garapenean.

Sabin Etxea, jakina, euskal abertzaletasunaren sorburua da. Gaur egun ezagutzen dugun eraikina Arana Goiri familiaren etxea zegoen orubean kokatua dago. Hemen jaio zen 1865an Sabino Arana Goiri, Euzko Alderdi Jeltzalearen fundatzailea eta gaur egun euskal abertzaletasuna denaren oinarri ideologikoak ezarri zituena. Santiago Arana Ansotegi 1857 urtean eraikitzea erabaki zuenetik aurrera, eraikinak hamaika gorabehera bizi izan ditu. 1898an harrika egin zioten Kubako Gerraren kontra egin zen manifestaldi espainolistan zihoazenek; Zabalguneko abertzaleen egoitza izan zen 1931ean; Luis Aranak proposatuta, Euzkadi Buru Batzarraren egoitza izan zen eta frankisten altxamenduaren ondoren, handik irten zen ‘Arana Goiri’ batailoia 1936ko irailean. Hurrengo egunean sortu zen Euzko Gudarostea. Gerra garaian eraikina bonbardatua izan zen, baina ez ondorioak ez ziren larriak izan. 1937ko ekainean frankistak Bilbon sartu ziren egunean hasi zen Sabin Etxeak bizi izan duen aldirik beltzena. Frankisten erregimenak eraikina inkautatu zuen eta Falangearen eta “Sección Femenina” izeneko haren egoitza bilakatu zuen. Ikurrina kendu eta uztarria eta geziak jarri zituzten, euskal abertzaleak lotsarazteko.

Falangeak ez zuen kasualitatez hartu Sabino Aranaren etxea bere egoitza bihurtzeko erabaki hura. Erregimena jabetuta zegoen eraikin hark euskal abertzaleentzat zuen esanahi handiaz eta 1960 urtean botatzea erabaki zuen. Falangeak, errepresio amorruak gidatuta eta arrastorik gera ez zedin, eraisketa eredugarria izatea nahi zuen, baina etxea besterik ez zuten bota, etxea suntsituta ere ez baitzuten lortu orduan zuen eta gaur egun duen esanahia desagerraraztea. Guztiz alderantziz, une hartan areagotu zen Sabin Etxearen sinbolismoa. Hondakin eta harri gehienak gabarretan sartu eta itsasora bota zituzten. Baina, egoera hartan ere, hainbat alderdikidek harriak, adreiluak eta teilak berreskuratzea lortu zuten. Jatorrizko fatxadan zegoen balkoia ere bai, 1949an egin ziren erreforma lanetan erori zena. Orduan ez zen konturatu, baina Markos Etxebarria Uriarte alderdikideak Sabin Etxeko harribitxia gordetzea lortu zuen eta, hari esker, gaur egungo Sabin Etxeko sarreraren parte da, tinko eta harro.

Sabin Etxe berria

1979 urtera arte itxaron behar izan zen EAJ-PNVk orubea erosteko aukera izan zezan. Argia ikusi ez zuten hainbat proiektu egin ondoren, 1988an Sabin Etxe berria eraikitzeko ideia berreskuratu zuen. Urte bete geroago, lehiaketa deitu zen Alderdiaren egoitza nagusia izango zenaren proiektua egiteko eta Koldo Eguren arkitekto gaztea izan zen lehiaketaren irabazlea. Arabarraren helburu nagusia zen bulego eraikin soil bat izan ez zedin. Eraikin “indartsu, apal, egonkor, eskuzabal eta zintzoa” egin nahi zuelako. “Horiek dira diseinuan islatu nahi izan ditudan ezaugarriak. Nire asmoa izan da Sabin Etxeari bere diseinuaren garapen logikoa aplikatzea; aurrekoarekin alderatuta ezberdina izan dadila, baina, aldi berean, iragan horretan sustraituta egon dadila” azaldu zuen orduan.

Lanak 1990eko abuztuaren 2an hasi ziren. Gogoratu beharreko zerbait da neurri handi batean lan haiek EAJ-PNVren herri eta barne kargudunek, alderdikideek eta alderdizaleek finantzatu zituztela. Hainbat familiak soldata osoa eman zuten lanen zati bat finantzatzeko. Gaur egun, Sabin Etxean, lan handia egiten da egunero. Sabino Aranaren jaiotetxea zegoen orubean altxatu zen eraikina Euskadiren zerbitzura dagoen lantoki bilakatu da, eta hori da fundatzaileari egin ahal zaion omenaldirik onena.

  Berri ikusiagoak...