Prentsa Aretoa
2018/11/23
JAINKOAK EZ DIT BARKATZEN dokumentala, Lezo Urreiztietari buruzkoa, Serantes Kultur Aretoan
Igandean, azaroak 25, 20:00etan Santurtziko Serantes Kultur Aretoan Josu Martinez zuzendari eta gidoigile ezagunak egindako JAINKOAK EZ DIT BARKATZEN dokumentala estreinatuko da. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen film honetan Lezo Urreiztieta santurtziar adoretsuaren balentriaren berri izango dugu. Estreinaldirako gonbidapenak Serantes Kultur Aretoko txarteldegian daude eskuragai.
Lezo Urreiztieta pirata ondradutzat har liteke, ehunka lagun salbatu ez ezik, Euskal Herri librea negoziatu eta Gerra Zibilean Bilbon armez jositako 17 itsasontzi sartzea ere lortu zuen. Gainera, Franco akabatzeko zorian egon zen...
Dokumental honen bidez (gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez) Josu Martínezek Lezo Urreiztietaren ametsak eta bizipenak erakutsi nahi izan ditu, gure Historian toki berezia izan dezaten. Bere ustez, garrantzitsua da ikusleek jakitea Lezo Urreiztietak zer egin zuen eta batez ere, zergatik, eta horrez gain, euren parte-hartzea ere bilatu da. Horretarako, Martin Ugaldek 1975ean Lezori berari egin zion elkarrizketa ez ezik, beste elementu batzuk ere erabili ditu. Esate baterako: aurkezpenak, debateak, ekitaldi bereziak. Bestalde, bere bizitzan garrantzitsuak izan ziren tokiak ere eraman ditu dokumentalera. Ildo horretan, Santurtzi, bere bihotzeko herria, ardatza da bere bizitzan. Hori dela eta, Serantes Kultur Aretoak proiektu bikain hau babestu nahi izan du eta dokumentalaren protagonista xelebrea herrian ezagutarazi. Horrela bada, Serantes Kultur Aretoa izan da dokumental aparta hau estreinatzeko aukerarik egokiena, jakin badakitelako herritarrak hunkitu egingo dituela. Aurkezpenean Josu Martinez eta Aintzane Urkijo, filmaren zuzendari eta gidoigilea eta Santurtziko alkatea hurrenez hurren, egongo dira, bai eta Lezo Urreiztietaren hainbat senide ere.
Hona hemen Lezo Urreiztietaz esandakoak:
Indalecio Prieto, PSOEko agintaria, Errepublikako Defentsa Ministroa: “Ez dago Lezo Urreiztietarekin alderatzeko moduko Barojaren pertsonaiarik, eurak baino hobea da eta, paradoxa-kontuetan barne” (De mi vida, memorias, 1954)
Georges Steer -Times egunkariko kazetari britaniarra- “Lezo ezagutu nuenean esan zidan ingelesak, frantsesak, kazetari atzerritarrak… denok txerri hutsak ginela, nazkagarriak. Eta esandakoa berresteko txistu egin zuen. Lezok gauez egiten zuen lan, etengabe gainera. Berak salbatu zuen Bilbo 1936ko irailaren amaiera aldean”. (The tree of Gernika, 1938)
Jose Antonio Agirre -Euzkadiko Gobernuaren Lehendakaria- Armez jositako zorioneko itsasontziak datozela dioste, Lezok ekarriak, eta eskoltatu egin behar direla ez baldin baditugu armak eta Lezo bera galdu; eta egia esan, nago Lezo armak eurak baino baliotsuagoa dela. (Bilbo, 1937ko maiatzaren 25a)
Jon Juaristi -Liburutegi Nazionaleko zuzendari ohia- “Lezo Urreiztieta bereziki erakargarria zen. Txorigaldu santurtziarra bera, apenas hamabost urte bete zituenerako mozkortzen eta borrokan ibilia zegoen Europako hainbat prostituta-auzotan. Krutwigek liluragarri iritzi omen zion, aberria haragi egina, “Negarrez igaro zen zaharra” izeneko olerki abertzale irlandarraren bertsio heavy-a. (El bucle melancólico 1997).
Donostiako Zinemaldian aurkeztu ondoren, “Jainkoak ez dit barkatzen” dokumentala honako areto hauetan egongo da ikusgai:
Azaroak 27- Irun, Amaia antzokian, 20:00etan. Aurkezlea: Josu Martínez
Azaroak28- Urruña, Itsas-mendi zineman, 20:00etan. Aurkezlea: Josu Martínez
Azaroak 28- Gasteiz, Florida zinema, 20:00
Azaroak 30- Donibane Lohitzune, Le Select zineman, 19:00 (Lehenago “Lezoren urratsei jarraituz” bisita gidatua egongo da). Aurkezlea: Josu Martínez
Abenduak3- Bilbo, Bizkaia Aretoan (UPV), 19:00etan. Aurkezleak: Josu Martínez eta Katixa Agirre
Abenduak 4- Andoain, Bastero kultur-etxean, 19:00etan
Abenduak 5- Donibane Garazi, Le Vauban zineman, 20:30ean
Abenduak 6- Durango, Irudienean, 19:00etan. Aurkezlea: Josu Martínez
Abenduak 7- Maule, Maule Baitha zineman, 20:30ean. Aurkezlea: Josu Martínez
Abenduak 11- Donapaleu, Saint-Louis zineman, 20:30ean. Aurkezlea: Josu Martínez
Abenduak 13- Kanbo, zineman, 20:30ean. Aurkezlea: Josu Martínez
Abenduak 15- Lezo, Gezala auditorioan
Abenduak 18- Hendaia, Les Varietés zineman, 20:30ean. Aurkezleak: Josu Martínez eta Miren Urreiztieta
Abenduak 19- Azpeitia, Soreasun. Aurkezlea: Josu Martínez
Abenduak 21- Luanco, Asturias, Museo Marítimoan 19:00
Urtarrilak 10- Iruña, Nafarroako filmotekan. Aurkezleak: Josu Martínez eta Oskar Alegria
Urtarrilak 18- Itzaltzu, Gartxot Egunean. Aurkezlea: Josu Martínez
Urtarrilak 25- Arrasate, Kultura aretoan
Gure historian ez hain aspaldi gertatutakoen zirrikituak eta Santurtziko pertsonaia bikain honen bizipenak ezagutzeko gogoz bazabiltzate, etor zaitezte Serantes Kultur Aretora.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/02
EBB
2022/12/19