Prentsa Aretoa
2021/03/07
EBBren adierazpena M8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1975ean ezarri zuen martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna izango zela. Harrezkero, egun horretan gogoratzen dugu emakumeen borroka bai eta historian zehar emakumeen lan-eskubideak, ekonomikoak , politikoak eta sozialak aldarrikatu dituzten pertsonena ere. EAJ-PNVk aitortzen eta aldarrikatzen du eskubide horiek lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko egin den lan eskerga
Euskadi aitzindaria izan da, eta da, berdintasun politikak bultzatzeko eta sustatzeko orduan. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak 2005ean onetsi zuen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen ezarpena aurrerapauso nabarmena izan zen emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko ekinean.
Dena dela, aurrerapausoak eman direla argi izan arren, mundu osoan, baita gure inguruan ere, emakumeenganako desberdintasunek eta diskriminazioek bere horretan jarraitzen dute. Beste batzuekin gurutzatzen diren diskriminazioak dira, hala nola klasea, etnia, adina, kultura, migrazio-estatusa, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gaitasunak, besteak beste. Diskriminazio horiei aurre egiteko konpromisoa hartzen dugu alderdi politiko gisa eta, beraz, gure ekintza politikoan eta gure proposamenetan kontuan hartzekoa.
Hala, 2021eko martxoaren 8 honetan, gure konpromisoa adierazi nahi dugu, gure Herriko emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko egin beharko dugun lan irmo, kementsu eta saiatua egiten jarraitzeko. Erabakimen hori berori islatzen da aurten egun hori ospatzeko erabiliko dugun goiburuan: ‘GUK egingo dugu-NOSOTRAS lo haremos’.
Covid-19ak eragin duen pandemiak agerian utzi du, inoiz baino gehiago, zaintza-lanek berebiziko garrantzia dutela bizitzari eusteko. Zaintza esparruko langileen lan-kontratuak oso feminizatuta daude, eta ez dira behar bezala baloratzen. Horregatik, martxoaren 8an bereziki azpimarratu nahi dugu zaintza-lanak ikusarazi, baloratu eta partekatu behar direla emakumeen eta gizonen artean, erakundeen eta gizarte osoaren artean. Zaintza balioesteko eta garrantzia emateko eta ekitatez banatzeko beharra, feminismotik aldarrikatzen den eta hainbat esparru programatikok jasotzen duten bezala, hauen artean, Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda, NBEk bultzatua, edo EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana bera, besteak beste.
Krisi-uneak izan daitezke, halaber, behar ditugun gizarte-eraldaketarantz aurrera egiten lagunduko duten aldaketak eragingo dituzten aukera-uneak. Ildo beretik, Covid-19ak sortarazi duen krisiak aukera paregabea izan behar du dauden dinamikei aurre egiteko, aurrera egiteko eta indarrak batzeko, berdintasunezko gizarte bat eraikitzera begira, emakumeentzat eta gizarte osoarentzat onuragarria izango dena, hain zuzen.
Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gizarte gisa dugun erronka nagusienetakoa da. Erronka hori gainditzeko, ahalegin guztiak egin behar ditugu berdintasunezko balioetarantz aldatzeko, hezkidetzarako baliabideak areagotuz, zainketen erantzunkidetasunean aurrera eginez, berdintasunaren arloko sentsibilizazioa sustatuz eta emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurrea hartuz, batez ere belaunaldi gazteenen artean. Gure goiburuak esaten duen legez: ‘GUK egingo dugu’.
Emakumeek azken urteotan guztiotan egin duten bidea da agenda publikoen aldetik erdietsi den lorpenik nagusienetakoa, eta lan egiten jarraituko dugu hala izan dadin. Horregatik, EAJ-PNV osatzen dugun pertsona guztien jarrera aktibo eta proaktiboa bultzatu behar dugu, bakoitzak bere eragin-esparruan lan eginez. Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVren aldetik, ondorengoak hitzematen ditugu:
1.-. Emakumeen eta gizonen artean berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko urrats sendoak ematen jarraitzea, balio-aldaketa sustatuz, norabide horretan aurrera egiten jarraitu ahal izateko.
2. Herritarrak kontzientziatzea berdintasunaren gizarte-balioaz eta horrek gizarte aurreratua lortzeko dituen ondorioez.
3.- Gauden erakundeen aldetik berdintasun politikak bultzatzen jarraitzea.
4.- Gure herri kargudunentzat berdintasunari buruzko prestakuntza diseinatzeko eta emateko plana garatzea.
5.- Agenda publiko eta pribatuan lan egiten jarraitzea, bizitzan zehar besteok eta nork bere burua zaintzeko politikak bultzatzeko, erantzunkidetasuna bultzatuz.
6.- Zainketa-lanak ikusaraztea, balioestea eta emakumeen eta gizonen artean banatzea, baita esparru publiko eta pribatuaren artean ere, oro har, erakundeen eta gizartearen artean.
7. – Emakumeen kontrako edozein indarkeria salatzea.
8.- Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzeko egingo diren jarduerak eta ekitaldiak babestea, baita indarkeria matxistaren kontra egingo direnak ere.
Azken finean, gure konpromisoa berretsi nahi dugu gizarteak planteatzen dituen erreklamazio eta eskakizunei erantzukizun osoz erantzun diezaiegun. Eta pandemiak ekarri duen egoeran ospatu beharko dugun Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen elkarteei, elkarte feministei, emakume guztiei eta hiritargo osoari eskatu nahi diegu eguna ospa dezatela Osasun Sailak ezarri dituen prebentzio eta osasun jarraibideak betez. Aldez aurretik, gizarteari eskertu nahi diogu indarrean dauden osasun neurri guztiak errespetatzeko betetzeko orduan erakutsi duen erantzukizuna. Eta gure alderdikide eta alderdizale guztiei proposatu nahi diegu parte hartzera anima daitezela Euzkadi Buru Batzarraren aldetik aurtengo Martxoaren 8a betiko aldarrikapena eginez baina, aldi berean, era seguru eta arduratsuan ospatzeko abiarazi dugun kanpainan. Xehetasunak ondorengo estekan ezagutu daitezke:
https://www.eaj-pnv.eus/eu/berriak/51461/guk-egingo-dugu-nosotras-lo-haremos-eaj-pnvk-martx
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/02
EBB
2022/12/19