SANTURTZI

Prentsa Aretoa

2021/05/21

Bilboko Portuko Agintaritza eta Santurtziko Udalaren arteko Lankidetza hitzarmena hiri-ingurunea hobetzeko

Gaur Bilboko Portuko Agintaritzak eta Santurtziko Udalak hitzarmen bat sinatu dute portuaren eta hiriaren arteko interakzioa hobetze aldera. Asmoa zera da, hiri-ingurunea jasangarri egin eta orokorrean hobetzea portuko zenbait gunetan eta herritarrek itsasaldean erabiliko dituzten espazioetan. Bestalde, hitzarmenaren bidez irisgarritasuna hobetu nahi da, besteak beste, bideen baldintzak, espazio publikoak eta portu-hiri ingurua egokitu nahi dira herritarrek aisialdian erabil ditzaten modu ludikoan, nola-eta pasealekuak, bideak, bidegorriak, igogailuak edo oinezkoentzako pasabideak eginez edo daudenak egokituz.

rss Ezagutzera eman
Bilboko Portuko Agintaritza eta Santurtziko Udalaren arteko Lankidetza hitzarmena hiri-ingurunea hobetzeko

ARGAZKIA JAITSI



Erakunde bien arteko lankidetza Santurtziko portuko instalazioen hasiera-hasieratik existitu izan da. Izan ere, bestelako hitzarmen eta akordio batzuk sinatu dira Abrako portu-instalazioak garatu eta udalerria bera hobetzeko. Horren bidez, zenbait egitasmo eta hiri-jarduketa gauzatu dira, hala nola, itsas-pasealekuak sortu, sarbide eta bestelako bide batzuk ezarri edo aisialdirako espazio berriak berreskuratu eta prestatu egin dira herritarren gozamenerako.

Rikardo Barkala Portuko Agintaritzako presidenteak hauxe adierazi du: “Orain beste urrats bat emango dugu, eta portuko zenbait espazio eta instalazioren balioa eta berezitasuna sustatuko dugu Santurtziko udalerriaren gune publikoa osatu dezaten. Horrela, herritarrek itsasoarekin bat egiteko toki gisa erabili nahi dira, eta espazio horien etekin soziala handitu, bai portuko ikuspuntutik eta bai hiriaren ikuspuntutik, programatutako jarduketen oreka ekonomikoa bermatuz, kontserbazio egoera eta segurtasuna hobetuz eta herritarren erabilera jasangarriak sustatuz”.

Bestalde, Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak honakoa gaineratu du: “Hitzarmen honek, Gobernu Taldeak orain arte izan duen bideari jarraituz, aukera emango du itsasoaren aurreko espazioak berreskuratzeko eta bideen, espazio publikoen eta portu-hiri ingurunearen irisgarritasuna eta baldintzak hobetzeko herritarren mesederako, aisialdian inguru hori modu ludikoan erabil dezaten.” Horrez gain, eskertu du “Portuko Agintaritzak inbertsioa egiteko egin duen ahalegina, santurtziarron bizi-kalitatea hobetuko duten egitasmoak gauzatzeko erabiliko da eta.

Hona hemen hitzarmenaren bidez jorratuko diren egitasmoak:

- Murrieta etorbidea eta kiroldegia lotzeko pasabidea: Gaur egungoa aldatu eta Murrieta etorbidera iristea bermatuko duen beste bat egingo da, arranpak edota igogailu eta guzti Reina Victoria pasealekuan. Zabalagoa izango da oinezkoen joan-etorria errazteko.

- Bidegorria Lehendakari Agirre pasealekua: Birdiseinatu egingo da pasealekua, orokorrean, zabalagoa izan dadin. Horretarako, bidegorriaz gain, atsedenerako berdeguneak, begiratokia eta itsasoaren ondoan ibiltzeko tokia egokituko dira.

- Reina Victoria pasealekuko bidegorria: Lehendakari Agirre pasealekuko bidegorria luzatu eta hobetu egingo da.

- Iparragirre etorbidea: Gaur egun dagoen bidea zabalduko da 2,5 metroko bidegorria eta 3 metroko espaloia eginez, eta goiko aldean landaredun terrazak jarriko dira.

- Parke lineala – porturainoko balkoi korritua: N-639 errepidearen ondoko pasealekuko berdegunean jardun eta pasealekua Seranteseko magaleraino luzatuko da.

- Reina Victoria pasealekua konpondu: Gaur egun dagoen pasealekuaren konponketa integrala egingo da.

- Hobekuntzak arrantza portuan: Berriztu eta hobetu egingo da.

Jarduketa horiek egiteko Bilboko Portuko Agintaritzak milioi bat euro ezarriko du urtero, BEZ barik, hitzarmenak dirauen lau ekitaldietan. Horrela, programatutako obrak, jarduketak eta lanak amaituta eta administrazio-izapideak eginda, Santurtziko Udalak titulartasunaren jabetza hartuko du.

  Berri ikusiagoak...