SANTURTZI

Prentsa Aretoa

2022/01/25

Santurtzik herriko birika handienetako bat sortu du Pedro Ikaza kalearen atzeko aldean oinez-gune berria eginez

“Santurtzi atseginago egin nahi genuen, eta horretan aritu gara lanean, espazio batzuk aisialdirako berreskuratuz eta gune urbano erakargarriak sortzearen aldeko apustu eginez, hau da, gune desberdinak kohesionatuko dituzten esparru handiagoak sortu nahi izan ditugu herritar guztion gozamenerako” gogorarazi du alkateak.

rss Ezagutzera eman
Santurtzik herriko birika handienetako bat sortu du Pedro Ikaza kalearen atzeko aldean oinez-gune berria eginez

ARGAZKIA JAITSI

Santurtziko Udalak Pedro Ikaza kalearen atzeko aldeko urbanizazio-lanak amaitu ditu, zeinei  duela hil batzuk eman zitzaien hasiera, hiri-ingurua egokitu eta hobetzeko helburuz. Kontua pasalekuz eta berdegunez osatutako espazio berri atseginak sortzea zen. Horrela, Mirabueno eta Santa Eulaliako Patronatu parkeak batuta, udalerriko birika berde handienetako bat sortu da, 52.000 metro karratutik gorako berdegune eta oinez-guneak dituena.

Horrela eman du aditzera gaur goizean Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak, Obra eta Zerbitzuko zinegotziarekin batera, inguru horretan egin duen bisitaldian, gunea berriki zabaldu dute-eta herritarrentzat.

“Santurtzi atseginago egin nahi genuen, eta horretan aritu gara lanean, espazio batzuk aisialdirako berreskuratuz eta gune urbano erakargarriak sortzearen aldeko apustu eginez, hau da, gune desberdinak kohesionatuko dituzten esparru handiagoak sortu nahi izan ditugu herritar guztion gozamenerako” gogorarazi du alkateak.

Lan horiek milioi erdi euroko gastua ekarri dute, eta eurei esker, gaur egun ia Portugaletetik Santa Eulaliaraino oinez-gune zabala da, modu atseginean urbanizatua. Horrela, orain arte iristeko gaitza zen gune publiko bat berreskuratu ahal izan da, Serantes taldea eta Bañales ingurua biziberrituz eta herriaren erdigunearekin hobeto lotuz. “Eremu hori hobetzeko konpromisoa hartuta genuen, eta orain ikusi dugu nola lagundu duen Serantes eskolarako irisgarritasuna hobetzen, gune txiki bat sortu da-eta, ikasleek eta horien senideek erabil dezaten zain egon behar dutenean edo, beste barik, bertan egoteko”.

Inguru osoan oztopo arkitektonikoak desagerrarazi ez ezik, gunea egokitu ere egin da irisgarritasun irizpideei jarraituz eta zoladura unitarioko materialak erabiliz, espaziook beren-beregi oinezkoentzat direla nabarmenduz nolabait. “Hortaz, irizpide horien bidez oinez-gune izaerari lehentasuna ematea lortu dugu, nola-eta lorategiak handituz, zuhaitzak landatuz eta berritu beharreko hiri-zerbitzuen sareak konponduz edo horiek ordezkatuz” gaineratu du Alvaro Aresti Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Izan ere, 1.100 metro karratutik gora atondu dira lorategiz. Gainera, hogei bat zuhaitz landatu, zuhaixka-landare guneak prestatu eta hormetan igokariak ezarri dira, hormak estaliz joango direnak hazten doazen neurrian. Bestalde, lorategi horietan guztietan ihinztatze eta tanta-jarioaren bidezko sistemak ezarri dira, lagundu egingo dutenak “lorategien mantenua modu jasangarriagoan egiten eta ingurumena zaintzeko ura aurrezten, gutxiago xahutuko da eta”.

Horiez guztiez gain, hiri-zerbitzuak guztiz edo partzialki aldatu dira, hala nola, ebakuazio-sarea, ur-hornikuntza, inguru horren argiztapena segurtasun handiagoa izateko, telekomunikazioak, energia, gasa… “Berrikuntza integrala egin dugu, ikusten dena hobetuz, baina begi bistan ez dagoena ere bai, oso garrantzitsua baita hori ere egoera onean mantentzea bertan bizi diren herritarrek zerbitzu ona jaso dezaten”.

 

  Berri ikusiagoak...