SANTURTZI

Prentsa Aretoa

2022/02/22

Kanpaina global berria: Zuhaitzetan tranpak jarri eta tratamenduak egingo dira, pinu-beldarrari aurre egiteko

Alvaro Aresti: “Hogeita hamar bat tranpa fisiko jarri ditugu tratamendua egin ezin izan den zuhaitzen oinarrietan – Santa Euslalian, Mirabuenon, LHTIren inguruan, Ranzari parkean, La Cerradan eta Kantauri institutuan-, jaiotzen diren pinu-beldarrak zuhaitzetik jaistea saihestu eta umeengandik eta txakurrengandik urrun egon daitezen, eurek baitira beldarren ile sumingarrien kaltea jasotzeko balizko biktima nagusiak”.

rss Ezagutzera eman
Kanpaina global berria: Zuhaitzetan tranpak jarri eta tratamenduak egingo dira, pinu-beldarrari aurre egiteko

ARGAZKIA JAITSI

Aurreko urteetan lortutako emaitza ona ikusita, Santurtziko Udalak pinu-beldarraren aurkako kanpaina jarriko du berriro abian. Zuhaitzetan jardungo da, pinu-baldarra edo prozesionaria izenaz ezagutzen den izurrite horrek pinu, izei eta zedroei eragiten die eta.

Kanpaina abian jarri baino lehen, udal eskumeneko lorategietan dauden konifero-zuhaitzen jarraipena egin da, hau da, berrogeita hamar bat zuhaitzen jarraipen etengabea. Horrela, beldar horien habiak dituzten guneak identifikatu eta eskura daudenak kenduta, kendu ezin direnak identifikatzen dira, horien jarraipena eginez.

Jarraipena egiten den bitartean, zuhaitzetan tranpak ezartzen dira; horrela, beldarra enborretik behera jaistean aldez aurretik zuhaitzean jarritako poltsa batean geratzen da harrapatuta. Horrez gain, hormonadun tranpekin ere jarduten da, nola-eta tximeleta zuhaitzera arrautzak jartzera gerturatzen denean erakarriz. Hirugarren jarduketa endoterapia da, hau da, zuhaitzei tratamendu kimiko bat injektatzea, izerdiaren bidez zabaldu eta hostoetara heltzen dena. Beldar-larbek irensten dutenean, berehala hiltzen dira eta horrela, ez da ez habietan, ez lurrera hel litezkeen balizko pinu-beldarretan jardun behar.

Hala azaldu du prentsaurrekoan Alvaro Aresti Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak La Cerrada parkean, tranpak jartzen ari diren herriko parkeetako batean: “Hogeita hamar bat tranpa fisiko jarri ditugu tratamendua egin ezin izan den zuhaitzen oinarrietan – Santa Euslalian, Mirabuenon, LHTIren inguruan, Ranzari parkean, La Cerradan eta Kantauri institutuan-, jaiotzen diren pinu-beldarrak zuhaitzetik jaistea saihestu eta umeengandik eta txakurrengandik urrun egon daitezen, eurek baitira beldarren ile sumingarrien kaltea jasotzeko balizko biktima nagusiak”.

Gogoan izan behar da udaberria heltzen denean, zuhaitz-puntetan egoten diren habia zuriak – bakoitzak 100 eta 300 beldar artean izan ditzake- zabaltzen eta lurrera jaisten hasten direla. Gero lur azpira sartzen dira udan gaueko tximeleta bilakatzeko, beren biologia-zikloari amaiera emanez.

Informazio kanpaina

Tratamendu horiekin batera, animalia horiei buruzko informazio-kanpaina egiten ari gara egunotan, haiekin kontaktuan egonez gero, zer egin behar den jakiteko. Horretarako, kartel eta esku-orri batzuk atera ditugu udalerriko gune eta eraikin publikoetan, osasun zentroetan eta albaitaritza-kliniketan jartzeko, horrelako animaliaren bat ikusi edo ukituz gero, eman beharreko urratsak zein diren jakiteko.

Pinu-beldarrik ikusiz gero, ez gerturatzea gomendatzen da, arazoak sor ditzake-eta, hala nola, dermatitisa, errinitisa edo asfixia. Ez da zertan haiekin kontaktu zuzena izan arazoren bat izateko, euren burua mehatxatuta ikusten dutenean, ileak airera zabaldu ditzakete-eta, narritadura eta alergiak sorraraziz.

  Berri ikusiagoak...