Prentsa Aretoa
2015/04/29
Rementeriak hitza eman du 100 milioi euro inbertituko dituela Bizkaiko eskualde guztietako bideak hobetzeko
Ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleak aurreratu du honakoa ez dela “lan handiak egiteko garaia” eta azpimarratu du Bidesarea Eginez plana izango dela hurrengo legegintzaldian azpiegitura alorrean burutuko den lehen jarduera.
Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJ-PNV-ren hautagaia, eta Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatetzarako hautagai jeltzalea, gaur goizean Bilboko Meliá hotelean elkartu dira herrialdeko hainbat herritako EAJ-PNVren alkategairekin. Iragan astean kultura eta euskara landu bazuten, gaurko honetan jorratu dute lurralde kohesioa, eta topaketaren helburu nagusia izan da hurrengo lau urteei begira herrialde eta udal alorrean esperientziak eta egitasmoak elkar trukatzea.
Gaurko lan saioan, Rementeriak bere hauteskunde egitasmoaren bosgarren konpromisoa aurreratu du: Bidesarea Eginez egitasmoa. Honi esker, 100 milioi euro inbertituko dira “eskualde guztietan bideak hobetzeko”. “Plan hau izango da hurrengo legegintzaldian azpiegitura alorrean egingo dugun jarduera nagusia”, hori bai “martxan ditugun lanak ahaztu gabe” esan du. Rementeriak azaldu duenez “honakoa ez da lan handiak egiteko momentua” azken urteotan “azpiegitura mapa oso bat zabaldu delako”; plan honek “herrialdea egituratzeko balio izan du eta bizkaitar guztien mugikortasuna ahalbidetzen du; oraingo lana izango da sare horretako bide zatiak kontserbatzea eta hobetzea”.
Aldi berean, Rementeriak bereziki azpimarratu nahi izan du garraio publikoaren garrantzia, kohesiorako tresna den aldetik. Bizkaibusen eskaintza finkatzeko beharra aipatu du eta eskaintza hori zabaldu behar dela “helmuga estrategikoetara eta urrutiago dauden herri txikietara”. Zentzu berean baieztatu du Bizkairako garraio publikoaren alorrean daukagun “erronka handia” dela Abiadura Handiko Trena (AHT) eta 2016 urtean Metroaren hirugarren linea martxan jartzea. Azaldu duenez “ATH behar dugu, 2019 urtera arte itxaron behar badugu ere, Europarekin, Estatuarekin eta Euskadi osoarekin konexio arinagoa,seguruagoa eta ingurumen aldetik garbiagoa eskainiko digulako” eta “konbentzituta nago AHTk Bizkaiaren dinamismo enpresariala eta garapen ekonomikoa bultzatuko dituela”.
Juan Mari Aburtok bigarren lan bilera honetan azaldu duenez “Bilborentzat ona dena, inguruan ditugun udalerrientzat ere bada; eta, jakina, Bizkaia osoarentzat ere bai”. Hitz egiteko izan duen denboran bere hauteskunde egitasmoa azaldu du eta zera aurreratu nahi izan du “lau urtetan 48 milioi euro inbertituko ditugu auzoetan era guztietako hobekuntzak egiteko”. “ Auzoak herri honen bihotzaren parte nagusi direlako, ez dut lehen edo bigarren mailako auzorik nahi. Oraingo ahaleginak biderkatuko ditugu eta 150 egitasmo berri ditugu,jada” esan du.
“Bilbo hiri modernoa, irekia, segurua, garbia, jasangarria,solidarioa eta baloreduna izatea nahi dut. Elkarrizketa eta lankidetza toki izango den hiria” gaineratu du. Aburtok berretsi du bere asmoa dela 10eko Bilbo hiria lortzea “gure bide orria izango dugu, 10 jarduera ildotan oinarritua: enplegua eta jarduera ekonomikoa, aukerak sortzeko gune berriekin; zerbitzu eta gizarte politika publikoekin, inor atzean gera ez dadin; hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta baloreen garapenarekin; kultura eta aisiarekin, nazioarte mailan turismoarentzat erakargarri izaten segitzeko; segurtasuna eta elkarbizitzarekin; hiriaren eraldaketa eta ingurumenarekin. Bilbo hiri berde eta modernoa nahi dut; garraio, mugikortasun eta iresgarritasunarekin; auzoen garapenarekin; Bilbo euskalduna; eta, horrekin guztiarekin batera, gardentasuna,parte hartzea eta kudeaketa lan aurreratua”.
BizkaiaGO! Prozesutik sortu diren egitasmoak
Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak aditzera eman bezala “Gure hautagaiek aurkeztu dituzten proposamenak BizkaiaGO! Ekimenaren ondorioetatik sortu dira”. “Hauxe izan da Bizkaiko EAJ-PNV-k duela urte bete inguru martxan jarri zuen prozesu parte hartzailea, mila bat bizkaitarrek ekonomia suspertzeko eta edozein alorretatik enplegua sortzeko izan ditzaketen ekarpenak eta hausnarketak jasotzeko”. Atutxak azpimarratu du lurralde kohesioa dela “gure politikaren ezinbesteko elementua”, “lan bateratu eta partekatuan sinesten dugulako” eta gogoratu duenez “EAJ-PNV alderdi munizipalista da nagusiki, eta argi eta garbi erakutsi dugu hori hautagai zerrendak herrialdeko 110 udalerritan aurkeztuz”. Bizkaiko jeltzaleen buruak esan duenez “udalerrien artean dagoen harreman ona hobetu beharra dugu, elkarren arteko kohesioa eta lana zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango delako Bizkaia osoarentzako onura” eta amaitu du esanez EAJ-PNV-k ez duela “Bizkaia abiadura biko herrialdea” izaterik nahi.
Proposamen hauen guztien aurkezpena bukatutakoan, topaketa sektorialera bertaratu diren guztiek Rementeriaren eta Aburtoren proposamenen inguruko hausnarketa egin dute beraien arteko zubiak eta herrialde mailako erakundeekiko sinergiak eraikitzen joateko. Lan mahaia gidatzeko ardura izan du Ana Otaduik, Batzar Nagusietako presidenterako hautagaiak eta Elorrioko oraingo alkateak. Otaduik EAJ-PNVk Bizkaiko herri ezberdinetan aurkezten dituen alkategaien presentzia eta parte hartzea eskertu die bertaratuei. Rementeria eta Aburtorekin batera, jardunaldian izan dira Amaia del Campo (Barakaldo), Josu Bergara (Sestao), Javier Aranburuzabala (Portugalete), Aintzane Urkijo (Santurtzi), Joseba Goikouria (Erandio), Imanol Landa (Getxo), AgerIzagirre (Mungia), Andoni Busquet (Basauri), Ibon Uribe (Galdakao), Andoni Agirregoitia (Amorebieta-Etxano), María Uribe (Gernika-Lumo),Aritz Abaroa (Bermeo), Koldo Goitia (Lekeitio), Mª Dolores Etxano (Ondarroa) eta Irene Pardo (Zalla).
Gaurko topaketak jarraipena izango du datorren asteazkenean, maiatzak 6. Unai Rementeriak eta Juan Mari Aburtok ekonomia munduko eragileei aurkeztuko dizkiete arlo ekonomikorako proposatuko dituzten planteamenduak.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/02
EBB
2022/12/19