SANTURTZI

Prentsa Aretoa

2021/09/07

Santurtzik milioi bat euro bideratuko ditu hurrengo aurrekontu parte-hartzaileetan

Aintzane Urkijo alkateak edizio berri honen aurkezpenean azaldu duenez, "Iaz, prozesu parte-hartzailea ezin izan zen martxan jarri, baldintza egokirik ez zegoelako eta pandemiaren ondorioz sortu ziren behar sozial berriek gastua une horretan okerren zeuden pertsonengana eraman zutelako"

rss Ezagutzera eman
Santurtzik milioi bat euro bideratuko ditu hurrengo aurrekontu parte-hartzaileetan

ARGAZKIA JAITSI

Santurtzik "Zuk proposatu. Zuk erabaki" parte-hartze prozesuaren beste edizio bat jarri du martxan. Horren bidez, herritarrek erabaki ahal izango dute zeintzuk proiektutara bideratuko den milioi bat euro 2022-2023 urteetan.

Aintzane Urkijo alkateak edizio berri honen aurkezpenean azaldu duenez, "Iaz, prozesu parte-hartzailea ezin izan zen martxan jarri, baldintza egokirik ez zegoelako eta pandemiaren ondorioz sortu ziren behar sozial berriek gastua une horretan okerren zeuden pertsonengana eraman zutelako". Hala ere, eta egungo egoeraren ondorioz, orain bada garaia aurrekontu parte-hartzaileak egiteko proiektuari berriro ekin ahal izateko, "Santurtziarren ikuspuntutik lehentasunezkoak diren jarduerak ezagutzeko. Orain da garaia gure udalerrian interes publikoko hobekuntzak proiektatuko dituzten proposamenak aurkezteko, eta, beraz, prozesu osoan parte hartzera animatu nahi dut, bai orain, ekarpenak egiteko lehen fase honetan, bai herritarrek aurkeztutako proiektuen bozketan", gaineratu du.

Oraingo honetan, bi urteko prozesu bat da, eta 2022ko eta 2023ko udal-aurrekontuetatik zenbateko ekonomiko bat nola erabili jakiteko ekarpenak egin ahal izango dira. Zehazki, milioi bat euro bideratuko ditu Udalak boto gehien lortu dituzten proiektuak abian jartzeko.

Hona hemen proiektuaren bost faseak:

1.Proposamenak aurkeztea

Irailaren 13tik 19ra, Santurtzi.eus web-orriaren bidez, bai eta hainbat udal-instalaziotan modu finkoan jarriko diren postontzietan edo, egutegi bati jarraituz, kalean jarriko diren postontzietan ere.

2.Bideragarritasun juridiko, tekniko eta ekonomikoari buruzko proposamenen azterketa teknikoa eta proiektuen zehaztapena

Urriaren 1etik 31ra bitartean, arloek jasotako ideia guztiak aztertuko dituzte, bakoitzak berari dagozkionak.

3.Proiektu bideragarriak eta alegazioak jendaurrean jartzea

Azaroaren 8tik 14ra arte, proiektu bideragarriak erakutsiko dira, ezagutzeko edo alegazioak egiteko.

4.Santurtziarrek proiektuak bozkatzea

Azaroaren 25etik abenduaren 5era, santurtziarrek proiektuak bozkatu ahal izango dituzte. Botoa emateko bideak proposamenak jasotzeko bide berak izango dira: web-orriaren bidez edo egun horietan udalerriko hainbat lekutan jarriko diren postontzi finko eta mugikorretan.

5.Emaitzak argitaratzea eta proiektuak udal-aurrekontuan sartzea

Abenduaren 20an jakinaraziko dira bozketen emaitzak eta, beraz, hurrengo udal aurrekontuetan sartu beharreko proiektuak.

"Beste behin ere, prozesu honen alde egin dugu, gure herritarrek behar dutena bertatik bertara ezagutzeko, udalerriko elkarte edo taldeek egiten dizkiguten ekarpenetatik haratago joanez", gaineratu du Joseba Ramos Ogasun zinegotziak. "Prozesu honen bidez, hiru helburu lortu nahi ditugu: herritarren eta udalaren arteko elkarrizketa-bide horri jarraipena ematea; zuzeneko parte-hartzea sustatzea eta santurtziarrok helarazten dizkiguten lehentasunak bultzatzea; eta kudeaketan gardentasun eta eraginkortasun handiagoa eskaintzea, duela urte batzuetatik egiten ari garen bezala".

Atzotik aurrera eta datozen egunetan, ekarpenak egiteko jarraitu beharreko prozedurari buruzko liburuxka jasoko dute santurtziarrek euren postontzian, eta informazio hori udalaren webgunean ere eskura daiteke.

Prozesu horretan parte har dezake Santurtzin erroldatuta dagoen eta 16 urte baino gehiago dituen norbanako edo erakunde batek, nahi adina proposamen aurkeztuta. Hala, teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, baldin eta 200.000 euroko inbertsioa gainditzen ez badute eta bost arlo hauetako edozeinetan kokatzen badira:

• Gizarte-ongizatea eta adinekoak
•Hiri-ingurunea eta mugikortasun jasangarria
•Kultura eta kirol arloa
•Gazteak eta haurrak
•Sustapen ekonomikoa (merkataritza, ostalaritza, turismoa, enplegua eta prestakuntza)

  Berri ikusiagoak...